Albisteak

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 

Gizarte-laguntzei buruzko legeak orain dela gutxi aldatu dira. Oso luze joko luke egin diren aldaketa guztiak zehatz aipatzea, baina garrantzitsuenen laburpen bat egin dugu hemen:
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio   Osagarriari   dagokienez,  aipatzekoa da jada ez duela Gizarte Ekintza Sailak izapidetzen, ezpada Lanbidek. Informazio gehiago nahi izanez gero, honako telefono-zenbaki hauetara dei daiteke: 901222901 edo 945160600.
Gizarteratzeko Laguntzei dagokien aldaketa nagusia, bestalde, honako hau izan da: orain artean beharrezkoa zen eskatzen ziren herrian erroldatuta, gutxienez, 6 hilabete egin izana. Bada, orain epe hori handitu egin da, eta 30 hilabete behar dira.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzei (GLL) dagokienez, beharrezkoa da jakitea 8.000 euro baino gehiago dituzten pertsonek ezin dituztela eskatu.
Alokairurako gehienez eska daitekeen kopurua 320 eurotik 250 eurora jaitsi da, hilean. Etxebizitza pertsona bati baino gehiagori alokatu bazaio, gehienezko kopurua 125 euro izango da, hileko. Hipotekako gastuei dagokienez, orain 12 hilabetez besterik ezin izango dira eskatu. Hori horrela, laguntza hau bere etxebizitza urtebetez ordaintzeko erabili duen pertsonak ez du berriro eskatzeko eskubiderik izango.
Energia-gastuetarako (argindarra, gasa, etab.) eta ura ordaintzeko laguntzak mantendu egin dira: 92,50 euro   izan  daitezke  hilean,  elkarbizitza-unitatea  osatzen  duten  bi  pertsonentzat (46,25 euro pertsonako); baina, urtean lau hilabetez besterik ezin izango dira eskatu.
Alabaina, GLLen bidez jada ezin dira beste administrazio batzuek diruz lagundu ahal dituzten gastuak (sendagaiak, eskolako jatetxea eta autobusa, etab.) ordaindu.
GLLei edo Gizarteratzeko Laguntza Bereziei buruzko informazio gehiago behar izanez gero, eskatu hitzordua Udaleko Gizarte Ekintza Sailean. Zalantzak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari edo Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriari badagozkie, galderak Lanbiden egin behar dira.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskatzeko epea
2012ko lehenengo seihileko Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) eskabideak aurkezteko epea apirilaren 2tik maiatzaren 4ra bitartekoa (biak barne) izango da. Interesdunek  Gizarte  Ekintzaren bulegoan (udaletxearen lehenengo solairuan)  egin  ditzakete eskaerak, asteartetik ostegunera, 09:00etatik 14:00etara.  Aurretiko hitzordua eskatzeko, 946102491 telefono-zenbakira deitu behar da. Aurtengo ekitaldirako kopurua 68.419 eurokoa da.