Albisteak

 

Abenduaren 29an eginiko Aparteko Bilkuran, EAJ-PNV taldearen aldeko botoez eta CLI zein PSOE taldeen kontrako botoez aurrekontuaren aldaketa onetsi zen. Horren bidez, Udalarentzako interesgarriak diren bi lursail erosiko dira:

Batetik, 320.000 euro erabiliko dira Pio Bermejillo kaleko 19. zenbakian dagoen lursaila eskuratzeko. Lursail hori Kultur Etxea handitzeko erabiliko da. 500 m2 gainazal erabilgarria izango duen eraikina egingo da, egun askotan eskatzen dizkiguten zerbitzuak emateko, hala nola, ludoteka eta haur-liburutegia, gazteentzako ikasketa-gelak, Kolitza abesbatzaren entsegu-lokala eta sotoko artxibategi-biltegia. Esleipenaren premiak arrazoi argia du: 2010eko Tokiko Inbertsiorako Estatu Funtserako aurkeztuko dugun egitasmoa da. Hurrengo Udalberrietan egitasmoaren inguruko informazio zehatzagoa emango dugu.

Pio Bermejillo kaleko lursail

Bestetik, 210.000 euro erabiliko dira Geltoki kaleko 26. zenbakian dagoen 900 m2-ko lursaila eskuratzeko. Horrek aukera emango digu gure hiribilduaren sarrera nagusienetako bat txukuntzeko. Beraz, egun dagoen sastraka kendu, erabiltzen ez den eraikuntza bota, Geltoki kalean dagoen espaloiarekin lotura egin eta behin-behineko aparkaleku batzuk jarriko ditugu.

Geltoki kaleko lursail