Albisteak

2012ko aurrekontuak 
Abenduaren 28an egindako ez-ohiko osoko bilkuran onetsi zituzten hasiera batean 2012ko aurrekontuak. EAJk aldeko botoa eman zuen eta CLIk, Talde Sozialistak eta Bilduk kontrako botoa. Besterik ezin zitekeenez, gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoa aintzat hartuta, aurkeztutako aurrekontua luxurik gabekoa dela esan daiteke. Guztira, 7.444.991,44 euro onetsi dituzte, hau da, aurreko ekitaldian baino % 29 gutxiago. Azpimarratzekoa da 2011ko ekitaldia ez-ohikoa izan zela, kiroldegirako ia 2,7 milioiko kreditu-eragiketa zela eta. Hala ere, aurrekoetan gertatu izan den bezala, hau hasierako aurrekontua baino ez da, eta espero dute diru-laguntzak jaso eta aurrekontua handitzea urtean zehar.

Diru-sarrerak
Hasieran onetsi den aurrekontuaren superabita 293.686,96 eurokoa da; izan ere, 2010eko ekitaldiaren itxiera negatiboa izan baita.
Azpimarratzekoa da, udal jabetzako Ateneo parkingeko 44 aparkalekuen azalera-eskubidea besterentzeak 513.600 euroko diru-sarrera eragingo duela. (Informazio gehiago aurkitu dezakezu ale honen hirugarren orrialdean).

Gastuak
Nahiz eta % 29 murriztu den gastuen aurrekontua, Gizarte Ekintzak % 20,29 egingo du gora, eta aurrekontuaren % 11,88 osatzen du. Horri dagokionez, berrikuntzarik garrantzitsuena da 62.000 euroko funtsa sortu dela premiak dituzten herritarrei laguntzeko. Hor sartu dira emakume alargunei laguntzeko erabili izan diren 12.000 euroak. Laguntzak benetan behar dituztenei heltzen zaizkiela bermatzearren, kendu egin dira banakako diru-laguntza guztiak (euskara ikasteko, fatxadak zaharberritzeko, eskola eta kirol materiala erosteko, emakume alargunek OHZ ordaintzeko eta igogailuak jartzeko), komertzioak eta ostalaritza lokalak zaharberritzekoak izan ezik. 2012. urtean zehar Gazteria Arloa sustatu nahi da bereziki, eta xede hori aurrekontu hauetan islatu da: batetik, zerbitzua lizitaziora atera da  (% 77,84ko igoerarekin), eta, bestetik, Gaztetxokoari atxikitako lokala erosi eta egokituko da, Gaztetxokoa bera handitu ahal izateko.

Sustapen sozialaren partidak % 246,12 egin du gora, aurrekontuaren % 6,31 osatzen duelarik. Horren arrazoia da Enpleguaren aldeko Tokiko Ekintzen Planerako funtsa eratu dela: 400.000 euro.
Etxebizitzak eta hirigintzak % 0,20 egin dute gora eta aurrekontuaren % 9,84 osatzen dute. Batetik, desagertu egin da Ateneo parkingarekin zerikusia duen guztia, ustiaketa-kontratua amaitu egingo baita. Ondorioz, urtean 70.000 euro baino gehiago aurreztuko dira. Hedegile kaleko lorategia erostea (200.000 euro) sartzen da.
Ongizate komunitarioa % 2,18 igo da eta aurrekontuaren %15,12 izatera iritsi da. Berrikuntzarik nabarmenena da KIUB zerbitzua  optimizatzeko erabakia, alegia, zerbitzua astean lau egunez eskaini beharrean, astean behin eskainiko da. Goi zuzendaritza eta gobernuko organoak % 13,39 murriztu dira

Kultura eta kirolak nabarmen murriztu dira; izan ere, dagoeneko eginda daude kultura arloko eta kiroldegiko obrak. Nolanahi ere, zama handia izaten jarraitzen dute aurrekontuan, alegia, % 18,97.

Merkataritza arloan, batetik, mantendu egin da BalmaDenda merkatarien elkartearentzako 6.000 euroko diru-laguntza, eta, bestetik, % 33,33 handiagoak izango dira merkataritza eta ostalaritza lokalak zaharberritzeko laguntzak (5.000 euro gehiago). Turismo sustapenak % 17,17 egingo du gora (24.000 euroraino). Partida hori are gehiago igo ahal izango da urtean zehar, turismoak hiribilduko ekonomia indarberritu ahal baitu.

Beraz, Gizarte Ekintza, Gizarte Sustapena, Hezkuntza eta Ongizate Komunitarioa partidek aurrekontu osoaren % 36 hartzen dute; aurreko ekitaldian, ordea, % 21.

Amaitzeko, esan daiteke saiatu direla gastuari eusten, partida guztiak ahalik eta gehien estutzen. Nolanahi ere, saiatu dira zerbitzuen kalitateari eusten. Langileen gastuei dagokienez, 2010ean hasitako joerari eutsi zaio. 2011an baino % 3,85 txikiagoa da, 2010ean baino % 11,73 txikiagoa eta 2009an baino % 21,26 txikiagoa. Gauza bera gertatu da gastu arruntekin: 2011n baino % 11,92 txikiagoa da, 2010ean baino %12,07 txikiagoa eta 2009an baino % 19,92 txikiagoa. Bi kasuotan, 2007ko aurrekontutik gaur egungora bitarteko aurrekontuetako zifrarik txikienak dira.

Inbertsioen kapituluari dagokionez, hasieran behintzat, murrizketa handia egin da iazko ekitaldiarekin erkatuz gero. Iazko ekitaldia ez-ohikoa izan zen inbertsioei dagokionez, kiroldegia egin baitzen. Horrela, aurrekontuaren % 10,94 bideratu da inbertsioetarako, baina espero dute zifra hori handitzea urtean zehar. Honako hauek dira egingo diren inbertsio nagusiak: Hedegile kaleko 42 zenbakiko lorategia erostea (200.000 euro); Pio Bermejillo kaleko 4 zenbakiko lokala erostea Gaztetxokoa handitzeko (155.604 euro) eta bideak egokitzea (30.000 euro).

Zuzenketak
Oposizioko taldeek zenbait zuzenketa eta alegazio aurkeztu zituzten. Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu zuen, bai eta gastuen egoeraren alternatiba bat, aldaketa-alternatiba bat eta ezabatze-alternatiba bat ere. Guztiek 660.263,62 euroko aldaketak eragiten zituzten, hau da, aurkeztutako aurrekontuen % 8,87. Murrizketa handiak planteatu zituzten teknologia berrien, turismoaren eta bereziki gazteen arloan, hain zuzen ere, gobernu taldeak proposatutakoa baino  % 76  gutxiago. Halaber, proposatu zuten ez erostea Gaztetxokoa handitzeko Pio Bermejillo kaleko lokala. Horiez gain, proposatu zuten ez erostea Hedegile kaleko 42 zenbakiko lorategia, eta 200.000 euroak bideratzea lokal bat erosi eta egokitzera jantoki sozialerako, baliabiderik ez duten pertsonentzako    aterpetxerako    eskaintzera eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako behin-behineko etxebizitza edo ostaturako. Gobernu Taldeak ez zuen onetsi; izan ere, planteamendu horrekin Udalarenak ez diren eta Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenak hartuko lirateke, eta ez lirateke kontuan hartuko horietatik guztietatik eratorritako gastuak (langileak, garbiketa, hornidurak eta abar). Gainera, Leon Trucíos fundazioari lokal hori erostearekin batera, 60 langileri baino gehiagori eragiten dien arazo ekonomiko-sozial garrantzitsua konpontzen da zeharka.

CLIk bi zatiko zuzenketa aurkeztu zituen eta horietako bat onetsi zuten, alegia, Gizarte Ekintza partidatik Gizarte Segurantzari, MUGEJUri, Elkarkidetzari, asistentzia mediku-farmazeutikoari eta langileen istripu-aseguruei dagozkien kuotak kentzeari buruzkoa. Oso modu positiboan balioetsi zen CLIren bigarren zuzenketa. Bertan adierazten zuten beste enpresa-haztegi bat sor daitekeela Kubo kaleko lokaletan, gazteentzako lokal komertzialak dituena. Talde Sozialistak hainbat alegazio orokor aurkeztu zituen, batik bat formari buruzkoak. Funtsari dagokionez, aurkeztutako aldaketek % 4,39 aldatzea eragiten zuten (7.444.911,44 eurotatik 326.868,76 euro aldatzea). Gizarte Segurantzaren eta abarren kuotak Gizarte Ekintza partidatik baztertzea onetsi zuten.