Albisteak

Álvaro Parro eta Iñigo Ansola 

• Ezinbestekoa Udalen parte-hartzea lortzea, hiriguneetako ibilguen mantentzea eskumena partekatua baita.
• Zerbitzuan lehenetsi diren helburuak: ibaien ahalmen hidraulikoa mantentzea ur askoko garaietarako eta uraren arloko ingurumen-helburuak sustatzea.
• Ibilguak mantentzeak uholdeen eraginak murriztu ditzake puntu zehatzetan, baina ez ditu uholdeak ekiditen.
• 2013tik eta gaur egun arte, URAk 50.000€ inbestitu ditu Balmaseda ibilguetako mantentze lanetan.

Balmaseda 2015.09.09
Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikia, eta Balmasedako udalak hitzarmen bat sinatu dute herritik igarotzen diren ibilguak mantentzeko lanak koordinatze aldera, eta, ondorioz, inbertsioaren eta egindako lanen eraginkortasuna handiagoa izan dadin.
Hitzarmen horien bitartez, Uraren Euskal Agentziak udalen esku jartzen ditu haren EAEko ibaiak mantendu, zaindu, berreskuratu, lehengoratu eta bere ingurumena hobetzeko programa. Lehentasuna ibaiertzen ingurumena lehengoratzeko zein ibaien ahalmen hidraulikoa murriztu dezaketen oztopoak kentzeko ekintzak izango dituzte. Halaber udalekin beraiekin koordinatu nahi ditu ekintza horiek, haiek hiriguneetatik igarotzen diren ibai tarteetan egin ahal dituzten lanekin (garbiketa brigada, boluntariotza…).

Hiriguneak. Erakundeen artean adostu beharra
Hiriguneei dagokienez, lan horiek aurrera eramateko eskumena toki-administrazio eta Erkidegoko Administrazioak partekatzen dute — azken horrek lurralde antolakuntzan ere eskumenak baititu—. Beste alde batetik administrazio hidraulikoari dagokio baimenak eta lan horiek betetzeko irizpideak zehaztea Udal, Elkarte zein partikularrei. Hori dela-eta, URA harremanetan jarri da EAEko Udal eta Administrazio-Batzarrekin elkarlanerako hitzarmen horiek adoste aldera, herritarren artean asko zabaldu den kezka bati erantzun nahian. Koordinazio horren bitartez herri-guneetan egiten diren ibaiak mantendu, zaindu, berreskuratu, lehengoratu eta bere ingurumena hobetzeko lanak eraginkorragoak izatea lortu nahi du.

Ahalmen hidraulikoaren hobekuntza
Kezka hori errepikariak diren uholdeen kalteek sortzen dute. Kontuan izan behar da EAEn populazio handi bat biltzen dela lurralde txiki batean eta, ondorioz, ibaiertzak okupatu direla herritarrentzat beharrezkoak diren erabilerak aurrera eramateko (hirigintza, hainbat jarduera ekonomiko…). Hortaz, erabilera kaltebera asko finkatu dira uholdeak jasateko arriskua duten lekuetan, ibaiak hazteko behar duten lekua dela gorabehera. Horiek horrela, ur askoko garaietan kezkak sortzen dira, eta ibaiak “garbitzeko” eskaerak asko izaten dira — garbiketa-hitzan landaredia edo hondakinak kendu edota dragatzeak nahastuz — horiek uholdeak ekidingo dituztela sinetsita.
Horren harira, URAren ibilguen mantentze zerbitzua lan horietan dihardu helburu argi batekin: ibilguaren ahalmen hidrauliko ahalik eta handien mantendu eta gehien eraldatutako tarte zehatzetan eraginak murriztea. Jakinda leungarri bat besterik ez dela. Jakinda uholdeak ekiditeko irtenbide bakarra uholde arriskua duten eremuetan erabilera kalteberak saihestea dela, ibaiari oztoporik gabeko hazkunde esparruak ematea, eta batzuetan defentsa lanak aurrera eramatea edota etengabe hobetzen jarraitzea aurreikuspen hidrometeorologikoa eta herritarren alerta goiztiarrerako sistemak Kasu horietan ibilguen mantentze lanen lehentasuna da ibilguaren puntu arriskutsuenetan gailu handirik ez pilatzea, oztoporik sor ez dadin (zubien baoetan, presa txikien edo presen goraguneetan…) eta ura aske ibil dadin. Hor sartzen dira aukeratutako enbor, adar edo sasiak kentzea, material soberakinak baztertzea, zuhaitzak moztea, adarrak kentzea edo zatitzea, beste batzuen artean. Lan mota asko sartzen dira bertan, eman daitezkeen egoera sorta ere zabala delako. Ez baitira neurri berdinak hartzen hiri-eremu batean edo landa-eremu batean; ezta mehartutako ibai batean edo eremu natural batean lan egin behar denean ere. Adibidez, eraldatu ez diren eremu naturaletan ahalik gutxien esku har beharko dugu dinamika naturalari bere bidea egiten utziz; mehartutako hiri-eremuetan, berriz, sekzio hidraulikoa bermatu beharko da, eta bideratzeak egin zirenean zehaztutako segurtasun mailak mantendu. Horrelako tarte bat lohiz betez gero, ingurunearen babesa murriztu egingo litzateke (horregatik aipatzen da sekzioa mantentzeko beharra egiten diren bideratze lanetan). Eta horretan bai, Toki-administrazioaren parte-hartzea ezinbestekoa da.

Ingurumena kontserbatu eta hobetu
Hala ere, URAren ibaien ingurumena mantendu, kontserbatu, berreskuratu, lehengoratu eta hobetzeko zerbitzuak gure ibaien egoera ona berreskuratu eta kontserbatzeko bidean jarraitzeko balio behar du, alegia, uraren arloan ezarri diren ingurumen-helburuak betetzeko. Ikuspuntu horretatik, ibilguan egin beharreko diren ekintzen urteko plangintza bat da, eta ibaien lehengoratze ekintzekin batera helburu dute ahal den ibaietan urteetan jasandako gehiegizko eta ingurune urtarrarekiko sentsibilitaterik gabeko lurraldearen okupazioak eragindako kalteak konpontzea.

Hitzarmena