Albisteak

Diplomen entregatzea 

IES Balmaseda BHIk Eskola Iraunkorraren Ziurtagiria (Bandera Berdea) eskuratu du, Eskolako Agenda 21ean eginiko lanagatik. Ekainaren 4an, Garbiñe Blanco proiektuaren koordinatzaileak aipatu ziurtagiria jaso zuen Madariaga Dorrean (Busturia) antolatutako ekitaldian. Lehendakariaz gain, besteak beste, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua eta Balmaseda BHIko zuzendaria ere egon ziren ekitaldian.
Ikasturte honetan, 25 ikastetxek baino ez dute lortu Bandera Berdea. Saria eskuratzeko, beharrezkoa da Tokiko Agenda 21en gutxienez bost urtez parte hartzea. Egindako lanak alderdi asko jorratzen ditu. Alde batetik, bertako eta planetako ingurumenari buruzko ezagutza eta sentsibilizazioa eskuratu behar da, iraunkortasunaren bidean zenbait jokabide eta konpromiso garatzeko. Hori lortzeko ikasgaien eta zenbait jarduera osagarriren zein eskolaz kanpokoen curriculumak egokitu behar dira. Horrez gain, ikastetxeko eta udalerriko ingurumen arazoen konplexutasuna identifikatu zein aztertu egin behar da, eta alternatibak proposatu eta udaleko foroan horien berri eman behar da. Alkatearekin eta udal arduradunekin urtean behin egin behar da bilera, udal mailan hobekuntzak proposatzeko eta era berean banako konpromisoak lortzeko.
Halaber, martxan jarri behar dira ikastetxean eta udalerrian iraunkortasuna lortzeko beharrezkoak diren prozesuak. Bereziki, ikasleei eman behar zaie protagonismoa, baina baita iraunkortasun arloko irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetako hezkuntza komunitate osoari ere. Udalerriko edo eskualdeko ikastetxeen arteko lankidetza zein ikasle eta irakasleen artekoa, oinarrizkoa da. Azkenik, curriculuma egokitu, diziplina artekotasuna eta metodologia zientifiko eta parte-hartzaileak sustatu behar dira, hezkuntza mota honetan lan egiteko.
Kontu teoriko horiek guztiak praktikara eramanez, gure Institutuak birziklatu egiten du, modu arduratsuan kontsumitzen du, "arboretum"-ari buruzko informazio errotuluak diseinatu  eta  egiten  ditu,  ingurumen  batzordea du (ikasle, irakasle, familia eta irakasle ez direnek osatua), bere ortua zaintzen du, eskolako jantokiko hondakin organikoekin konposta egiten du, tapoien bilketa kudeatzen du xede solidarioetarako, energia aurrezten du eta eguzki plakekin sortzen du, udal korporazioari iradokizunak egiten dizkio eta horrekin konpromisoak hartzen ditu ingurumena hobetzeko. Laburbilduz, ikastetxeak ahaleginak egiten ditu mundu iraunkorrago eta solidarioago baten alde kontzientziatzeko eta borrokatzeko.
Lerro hauen bidez, IES Balmaseda BHI Bandera  Berdea  lortzeagatik  zoriontzea besterik ez zaigu falta, eta, bereziki, 2005. urteaz geroztik gazteak iraunkortasunaren balioa aintzat hartuz hezteko egiten ari den kontzientziazio lanagatik.