Albisteak

kirol-instalazioa 

Urtarrilaren 22an kiroldegi berriaren lehenengo harria jarriko dugu.

Gure hiribilduak gauzatu beharreko egitasmorik garrantzitsuena da: izan ere, duela urte batzuetatik hona gizarteak egindako etengabeko eskaria da. Gainera, inbertsio ekonomikoa ere oso garrantzitsua izan da, esleipen-prezioa ia-ia 6,5 milioi eurokoa zen eta.

Horretarako, beharrezkoa izango da zorpetzea. Hori dela eta, urtarrilaren 8ko Bilkuran EAJ-PNV taldearen aldeko botoez eta PSOE nahiz CLI taldeen kontrako botoez erabaki genuen BBKri mailegua eskatzea. Maileguaren baldintzak hauexek dira: 3.400.000 euroko kreditua 4 milioira handitu daitekeena, itzultzeko 15 urteko epea eta Euriborra + % 1,25eko interesak. Ondorioz, eskatutako azken kopurua 4 milioi balira, urtean gutxi gorabehera 386.000 euro ordaindu beharko genituzke (aurrekontu osoaren % 4). Eta kopuru hori gure Udalak bere gain har dezake; izan ere, azken urteotan udal kutxak onbideratu ditugu eta genuen zorra ia-ia kitatu dugu.

Hori guztia kontuan hartuta, uste dugu Udala zorpetu behar dela, ez ohiko gastu bat (nominak, argia, telefonoa, garbiketa, etab.) ordaintzeko, baizik eta gure hiribilduren etorkizunerako garrantzitsua izango den inbertsio baterako, kasu honetan, Kiroldegirako.

CLI taldeak kiroldegi berriaren kontra bozkatu zuen esanez ez dela inbertsiorik egiteko garaia eta garrantzitsuagoa dela egun dauden igerilekuak konpontzea. EAJ-PNV taldeak, ostera, badela garaia erantzun zion; izan ere, lehentasuna zuten beste obra eta azpiegitura batzuk egin ditugu, eta Udalak egun aldeko egoera ekonomikoa du. Horrela, berriak egin arte egungo igerilekuak konpontzeko prozesua dagoeneko badago aurreikusita.

Bestalde, PSOE taldea kontra agertu zen, argudiatuz kiroldegia luxua itzela dela egungo garaietarako. Eta haiek beste kostu bat eta fase batzuk izango lituzkeen kiroldegia egingo luketela argitu ziguten. Guk erantzun genien ez dela inolako luxua gure hiribilduan kiroldegia izatea. Beharrezkoa da eta faseak izan baditu. Izan ere, bigarren fasean igerilekuetarako eraikin berria egingo da. Gainera, fase gehiago egiteak epe luzean kostua garestitzea ekarriko lukeela adierazi genien.