Albisteak

Ganadores del concurso 
Urtarrilaren 12an, 20:30etan, Bizkaiko Erakusleihoen Lehiaketako XXVI. sari banaketa egin zen Euskalduna Jauregian. Ekitaldia Bilboko Merkataritza Ganberak antolatu zuen. Aurten, geure herriko dendek egindako ahalegina inoiz baino gehiago saritu zuten, Balmasedako salerosketa guneek 5 sari lortu zituzten eta:
  • Herriko Erakusleiho Hoberenaren saria: Pipirigaña.
  • Bitxitegien, erloju-denden, opari-denden eta optiken sektoreko saria: Balmasedako Optika Zentroa.
  • Hainbat jardueren sektoreko saria, Bizkaiko Argazkilari Profesionalen Elkarteak emandakoa: Natxo Arkazki-Estudioa.
  • Ostalaritzako sari berezia: Zornotza taberna.
  • Natura saria: Aga Jardinería.

Ekitaldira etorri zirenek Gonzalo Santamaría Alonsoren profesionaltasuna txalotu zuten, aipaturiko erakusleihoetan egin zuen lanak arrakasta biribila izan baitzuen. Bertaratutakoen harridurarako eta ekitaldiko aurkezleak zioenaren aurrean, balmasedar erakusleiho-apaintzailea 6 aldiz igo zen agertokira merkatariekin batera sariak jasotzeko (6. saria Sodupeko Master Cadena dendako apainketagatik eman zioten).

Zalantzarik gabe, gau magikoa izan zen Balmasedako merkataritzarentzat. Guztira 615 saltoki aurkeztu ziren eta Balmaseda izan zen sari gehien izan zituen herria. Merkataritza Ganberak udal bakoitzeko erakusleiho hoberena hautatu zuen eta udaletxe bakoitzeko ordezkariek beraien udaleko dendari saria eman zioten. Balmasedako erakusleiho hoberenaren saria Pipirigaña dendak lortu zuen, eta Euskalduna Jauregiko areto osoak txalotu zuen putxera itxurako saria eman zitzaionean. Beste sariak sektorekakoak izan ziren, Bizkaia mailakoak. Arrakasta biribila, dudarik gabe.

Udaletxeak sari banaketara joan ziren merkatariak eramateko autobus bat prestatu zuen, aurten Balmasedako saltoki askok parte hartu baitute lehiaketan, 37 dendak hain zuzen ere.

Balmasedako udaletxetik saritutako dendak zoriondu nahi ditugu, lan etengabea eta ahalegin profesionala eskatzen dituen bide honetan jarraitzera animatuz.

Merkatarien Batasunak lehiaketan parte hartu duten saltokien inplikazioa eskertzen du eta, aurten izandako esperientzia ona eta Balmasedako merkatariek jasotako sari kopuru aparta ikusita, batasuneko kideak hurrengo lehiaketetan parte hartzera animatzen ditu.

Bere aldetik, Gonzalo Santamaríak bere lanagatik jasotako adiskidetasun adierazpenak eta zorionak eskertu nahi ditu.