Albisteak

Talleres Fabio Murga 
Hilabeteetako lanaren ostean, joan zen ekainaren 29an gure hiribildurako akordio garrantzitsu bat sinatu zen Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko jaurlaritzaren, Balmasedako udalaren eta Talleres Fabio Murgaren artean.
Akordio garrantzitsu horren harira, Talleres Fabio Murga Arla industria-eremura (Foru Aldundiaren jabetza) lekualdatuko da. Hortaz, 2004ko abenduaren 31ra arte, 70 lanpostu ziurtatuko dira, gutxienez.
Aurrekariak
Enkarterriko hainbat enpresak bizi zuten deslokalizazio-egoera ikusirik, 2006ko uztailean, Balmasedako Udalak Talleres Fabio Murgarekin eta Viviendas de Vizcayarekin akordio bat sinatu zuen, enpresak Balmasedan jarrai zezan. Era berean, enpresa etorkizunean Rebollar industria-poligonora lekualdatzea proposatu zen, gero Arlara (lursoruaren jabea Talleres Fabio Murga da) lekualdatzekotan. Modu horretan, ziurtatu egiten zen enpresa 2016ra arte herrian izatea.
Arestian aipatutako datatik aurrera beharrezko administrazio- eta ingurugiro-izapide guztiak betetzeko lanetan ibili gara. Tartean bete beharreko epeak zeudenez, oztopo-lasterketa baten gisakoa izan da dena; azken oztopoa, hain zuzen ere, 2010ean sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren eskutik, Rebollarren lehenago izandako hondakindegiaren ingurugiro-tratamendua dela-eta.  Eusko Jaurlaritzaren ezezkoa eta amorerik emate eza ikusita, Talleres Fabio Murga gure hiribilduan geratzeko    eta  lanpostuak   mantentzeko hasierako helburua lortzeko bestelako bide bat aurkitu behar izan da.
Akordioaren garrantzia
Bada, tokiko proiektu bat izatetik udalaz gaindiko proiektu izatera igaro da proiektua, eta Bizkaiko Foru Aldundia inplikatu dugu, haren Ekonomia sustapenerako sailaren bidez. Azken horrek erraztasun handiak eman ditu lurzoruak Talleres Fabio Murgarenekin trukatzeko, eta, azkenean, enpresa Arlan kokatu ahal izateko. Gainera, merkatuko baldintzen aldean, baldintza oso onetan eskaini du mailegu parte-hartzaile bat.
Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa ere lortu da. Izan ere, Arlan sor litezkeen ingurugiro-arazoak konpontzeko konpromisoa hartu du. 5 milioi euroko inbertsioa egingo du Eusko Jaurlaritzak, Sprilur sozietatearen bitartez, enpresaren egoitza izango diren pabilioiak eraikitzeko. Alokairuan egongo da bertan enpresa, eta gerora erosteko izango du. Foru Aldundiak bezalaxe, Aldundiak ere mailegu parte-hartzaile bat eskainiko dio enpresari.
Hortaz, herrialdeko akordio horren bidez bermatu egiten da Talleres Fabio Murga S.A.-ren jarduerak bertan iraun eta jarraipena izango duela, gutxienez, 2024ko abenduaren 31ra arte (hortaz, hobetu egin da 2006ko hasiera bateko akordioa; izan ere, horren bidez, 2016ra bitarteko iraupena bermatu zen). Beste alde batetik, 22 milioi euro inguruko inbertsio orokorra ekarriko du (inbertsio pribatua eta publikoa gehituta), instalazio askoz modernoagoa eraikiko da eta granailaren ekoizpenean aurrerapauso teknologiko garrantzitsua emango da,      I + G + i-aren esparruan egingo den inbertsioaren ondorio gisa.
Gainera, akordio horretan hiritartutako lursail pribatua emateko epea (2013ko irailaren 30a ezarri zen hasiera batean) luzatu egingo da 2014ko martxoaren 31ra arte. Behin lursaila emanda, enpresak instalazio berria eraikiko du, eta, horri esker, beranduenez 2016rako Talleres Fabio Murga enpresa Arlako kokaleku berrian arituko da. Egin den inbertsioarekin, gutxieneko iraupen-epea ezarri den arren (2025era arte bertan egongo dela bermatu da), zentzuzkoena izango litzateke Talleres Fabio Murga enpresak askoz ere urte gehiago egitea geure hiribilduan.
Bigarren mailako ondorioak
Lehenengo helburua lortu egin da: Talleres Fabio Murga enpresa eta bertako lanpostuak bertan egongo dira hemendik aurrera ere, lekualdatzerik gabe. Horrek, baina, bigarren mailako ondorioak ere baditu. Alde batetik, kokapen berriari esker, egunero geure hiribilduko kaleak zeharkatzen dituzten 40 kamioien joan-etorriak desagertu egingo dira, eta horrek segurtasuna eta lasaitasuna ekarriko ditu. Bestalde, ondorio "estetikoak" daude: hiribilduaren sarreran 1934az geroztik dagoen fabrika desagertu egingo da; hortaz, hiribildurako sarbidea atseginagoa eta adeitsuagoa izango da, turismoaren alorrean egindako apustuarekin bat. Azkenik, Viviendas de Vizcayak, Talleres Fabio Murgak gaur egun hartzen duen lekua libre utzi ondoren, ingurua hiritartzeaz arduratuko da: Balmasedako etorkizuneko zabalgunea izango da, 520 etxebizitza (120 BOEak), eremu berdeak, kirol-eremuak eta aparkalekuak eraikiko dira. Ibaiertzean arrantzan aritzeko aukera ere egongo da, gaur egungo San Inazio auzoa integratuko da, etab.
Ondorioa
Aurreko guztiaren ondorioz, akordio historikoaz ari gara eta, gaur egungo egoera sozio-ekonomikoa ikusita, lortutakoa zoriontzeko moduko kontua da.