Albisteak

Enkarterri Gosariak 

Bizkaiko Enkarterri eskualdeko ehun enpresaburu inguruk parte hartu dute gaur goizean inauguratu den “Enkarterri Gosariak” ekimenean; horren bidez, eskualdeko enpresa- eta erakunde-kolektiboen topagunea eta eztabaidarako foroa sortu nahi dira, garapen ekonomikoa bultzatzeko, enpresa-sarea eta ekintzailetza sustatzeko eta inbertsio-proiektuak erakartzeko. Imanol Pradales, Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko diputatua, izan da lehen gosarira gonbidatu duten hizlaria. Harekin batera, eskualdeko lau enpresaburuk bizitako enpresa-esperientziak aurkeztu dituzte, baita Enkarterri toki sozio-ekonomiko berezia izatea lortuko duten faktoreak ere.

Gosari hauek Enkarterri Green mugimenduak sortutako ekimenen berri baten bidez sortu dira. Enkarterri Green eskualdeko udalek, enpresaburuek eta eragile sozioekonomikoek bultzatzen duten gizarte, enpresa eta erakunde mugimendua da, eta ekimen publikoek eta pribatuek batera sustatzen dute, eskualdeko garapen ekonomikoaren alde egiteko. Trakzio-proiektuak erakarriz, eskualdean jarduera ekonomikoa, enplegua eta ongizatea lortzea da helburua.
 
Imanol Pradalesek, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, hitzaldian, batez ere, ekonomia- eta finantza-krisiaren eraginak eta egoera hori arintzeko hartu beharreko neurriak aztertu ditu. “Enkarterrin gabeziak daude, baina baita aukera ugari ere” adierazi du. Adibidez, merkatu gero eta globalizatuagoan lehiatu ahal izateko enpresen arteko batasuna, lankidetza eta elkarlana nabarmendu ditu.
 
Imanol Pradalesek azpimarratu du Enkarterriko eskualdean enpresa-sarea suspertzea beharrezko dela, enplegua eta ekonomia beren onera ekartzeko oinarrizko faktorea baita. “Enplegua enpresek sortzen dute, ez aldizkari ofizialak" gehitu du. Haren iritziz, I+G+B inbertitzeko ahalegina egin behar da eta, ondorioz, baita giza kapitalean ere; izan ere, alderdi hori Enkarterriko enpresen egoera suspertzeko faktore estrategiko bihurtu da. Adierazi duenez, eskualdeko ekonomia eta enpresak onera ekartzeko elementu garrantzitsua da, betiere prozesuan hezkuntzari eta prestakuntzari eutsiz.
 
Ekonomia Sustatzeko diputatuak iragarri du bere sailak Enkarterriri lotuta dauden bi ekimen abian jarriko dituela. Lehenengoak Lea-Artibaiko eskualdearekin eta Azaro fundazioaren bidez egingo den lankidetza-hitzarmen batekin du zerikusia; bigarrena, aldiz, Urbegi fundazioarekin egingo den lankidetza-hitzarmen batean datza, eta eskualdean enplegua sortzeko eta hazkunde gaitasuna duten industria-enpresak bultzatuko ditu. Aurten, 2015. urtean, xedea enpresa berriak sortzea izango da; hain zuzen ere, hasieran Urbegi taldeak zuzenduko dituen sei enpresa berri.
 
Esther Lasak, Enkarterriko Udalerrien Mankomunitateko buruak, eta Andoni Garcíak, Enkarterri Group eskualdeko enpresa elkarteko presidenteak, parte hartu dute inaugurazio-ekitaldian. Bigarrenak eskualdea biziberrituko duten proiektuak abian jartzeko ahaleginak batzeko eskaria egin du, eta, gaineratu duenez, “Bizkaiko eskualde berezi bat da, eta hori etorkizunari aurre egiteko aukera emango diguten sendotasuna eta ekintza-planak aurkitzeko faktore bereizgarria da”.

Ekitaldira bertaratu direnek eskualdean sortu ziren lau ekimenen esperientzia ezagutu ahal izan dute; gainera, ibilbide, tamaina eta jarduera ezberdinak izan arren, guzti-guztiak Enkarterrin sustraitutakoak dira. Hauexek izan dira aurkeztutakoak: Urbegi, sozietate-egoitza Balmasedan duen eta une honetan 400 langile inguru dituen enpresa-talde dibertsifikatua; Lombera de Carranza, XIX. mendetik eskualdeko hestebete tipikoak egiten dituen familia-enpresa; Enews, marka eremu digitalean kokatzeaz arduratzen den eta eskualdean garatutako ekintzailetza programen bidez sortu den ETE oso txikia; eta, azkenik, Alonsotegin dagoen P4Q, produktu eta sistema elektronikoen fabrikazioan eta ingeniaritzan espezializatua eta nazioartekotze prozesu garrantzitsua burutu duena.