Albisteak

BCF 

 

BALMASEDAK GARAIPENA LORTU ETA HIRUGARREN MAILARA IGO DA
Balmaseda futbol taldea izan zen Ohorezko Mailako txapelduna, Retuerto taldeari 0 eta2 irabazi baitzion. Urduritasun, sufrimendu eta poz handiko partida izan zen bere taldea eta jokalariak animatzera Ibarreta zelaira hurbildu ziren 500 zaleentzat.
Enkarterriko taldeko jokalariak zelairatu zirenean, ondo baino hobeto zekiten partida irabazten bazuten, txapeldun izango zirela eta Hirugarren Mailara igoko zirela. Gainera, ezusteko zoragarri batekin egin zuten topo: Barakaldora hurbildu ziren zaleez gainezka zeuden harmailak, eta zaleek esku-zarta bero eta ozena eskaini zieten jokalariei.
Partida, hasiera batean behintzat, ez zen izan balmasedarren aldekoa, eta bertakoek bi aukera argi izan zituzten gola sartu eta markagailuan aurrera egiteko. Baina, 12. minutuan Joseba Macias “Poto”k sartu zuen partidako lehenengo gola, balmasedarrak euren helburura hurbilarazten zituena. Lehenengo zatia 0 eta 1 amaitu zen. Zaleek, hala ere, oso urduri jarraitzen zuten.
Partidaren bigarren zatiak bide beretik jarraitu zuen eta bertakoek beste bi aukera izan zituzten. Zaleei amaiezina egiten ari zitzaien bigarren zatia. Baina, 80. minutuan Jorge Gómezek bigarren gola sartu zuen, gol erabakigarria. Hura zen hura zaleen zoramena! “Txapeldunak, txapeldunak!!!” oihuen artean eman zituzten azken minutuak. Horrela irabazi zuen Balmaseda taldeak Ohorezko Maila, nahiz eta denboraldian zehar sailkapeneko liderra zen Somorrostro taldearekiko distantziak gaindiezina ematen zuen.
Lerro hauen bidez, Balmaseda futbol taldearen Zuzendaritza Batzordeak, jokalariek, teknikariek eta laguntzaileek eskerrak eman nahi dizkiete Barakaldora hurbildu ziren bazkide eta zale guztiei, partidan eta denboraldian taldeari eskaini dioten babesarengatik.
Halaber, eskerrak eman nahi dizkiogu Balmasedako Udalari, gure babesleei, laguntzaile guztiei eta Balmaseda herriari eman diguten babesagatik. Zuengatik izan ez balitz, ez genuen garaipena lortzerik izango.
Amaitzeko, garaipena eskaini nahi diegu horiei guztiei, eta, bereziki, otsailean hil zen Víctor Orrantia gure kideari. Berak ere guk adina gozatuko zukeen une hau, eta ziur gaude dagoen lekutik bere laguntza eman digula amets eder hau lortzearren fedea eta esperantza izateko.
Vitín, zuregatik... !!!
Bazkideei, zaleei eta, oro har, balmasedarrei gogorarazi nahi diegu ekainaren 3an, ostiralean, gure jokalariek eta teknikariek merezitako omenaldia egingo diotela Balmaseda hiribilduari, 19:30etik aurrera, eta ohorezko bira egingo dutela herrian zehar. Udalak ongi etorria egingo die udaletxean 20:00etatik aurrera, eta 20:30ean jokalariek, teknikariek eta zuzendaritza batzordeak txapeldunen titulua eskainiko diote herriari udaletxeko balkoitik.

Gora Balmaseda eta eskerrik asko!

Igande honetan denok La Balugara txapelduna zoriondu eta jubenilen taldea animatzera
Ekainaren 5ean, igandean, jokatuko da Balmaseda futbol talde jubenilaren eta Durangoko Kultural futbol taldearen arteko partida. Partidari hasiera eman baino lehen bi taldeek ohorezko pasilloa egingo diote Balmaseda futbol taldeari, Ohorezko Mailako txapeldun eta Hirugarren Mailako talde berriari, alegia. Bizkaiko Futbol Federazioko presidenteak emango du Txapeldunen Kopa.
Halaber, jubenilen taldeak Durangoko Kulturalari irabaztea lortzen badu, Jubenilen Lehenengo Mailako txapelduna izango da eta talde horrek ere jasoko du Txapeldunen Kopa Bizkaiko Federazioko kideen eskutik.

FINAL de JUVENILES
--
BALMASEDA F.C.
Fundado en 1.914.-
Kultur Etxea - San Juan Plaza, 1
48.800 - BALMASEDA (BIZKAIA)
Tfno. / Fax: 946.103.077.-
www.balmasedafc.com
e-mail:balmasedafc@balmasedafc.com / balmasedafutbolclub@gmail.com