Albisteak

Argazki zaharrak 

Joan den urtearen erdialdean, Memoria Historikoaren gaiarekin kontzientziatuta dauden Balmasedako zenbait pertsonak udalari proposatu zioten programa bat prestatzeko Francoren tropek hiribildua hartu zuten 80. urteurrena gogoratzeko. Proposamen garrantzitsua denez, eta, ikuspegi politikotik, gaiari bere osotasunean heldu behar zaionez, bi lan-mahai eratu ziren. Horietako bat politikoa izan zen, eta bestea, herritarrena; Bakeolaren gidaritzapean (gatazkak era egokian tratatzen espezializatutako zentroa), hasierako proposamenetik harago iritsi da, eta dokumentu gidari bat idatzi da Memoria Historikoa berreskuratzeko politika publikoei buruz. Aipatzekoa da lan hori Osoko Bilkurara eraman zela, martxoaren 2an (argibide gehiago 4. orrialdean), eta talde politiko guztiek onartu zuten aho batez.
Herritarren ekimen horren aurretik, Balmasedak emanak zituen hainbat urrats gaiaren inguruan. Bertako zenbait historialarik Gerra Zibilari buruzko ikerketa historiko bat egin zuten, aho batez onartu zen frankismoaren krimenen kontrako kereila jartzeko herritar-talde batek aurkeztutako mozioa, eta sinbologia frankista kendu zen (Instituto Nacional de la Vivienda erakundearen plakak, hain zuzen ere).
Oraingo  urrats  horrekin,  oinarri  batzuk ezarri nahi dira gaiaren inguruko jarduerak eta ekimenak bideratu eta arautzeko irizpide partekatuen arabera eta nazioarteko zuzenbideak ezarritako gidalerroekin bat etorriz.
Errealitate konplexu bat
Memoria Historikoan sakontzeak berekin dakar errealitate konplexu bat aurkitzea; horretan, iraganaren berrikuste kritikoak dakartzan erronkek eskatzen dituzte elkartzeko, hitz egiteko eta ados jartzeko guneak.
Memoria Historikotzat ulertzen dugu eskubideen urraketa larriak gertatu zireneko gure iraganarekin bat egiteko ahalegin kontzientea, gogoratzeko helburua ez ezik, ezkutuan geratu den sufrimendu bat errebindikatzeko eta iraganeko bidegabekeria oraindik indarrean dagoela ahaztu nahi duen orainaldiaren eraikuntza oro salatzeko helburua ere duena. Horrela egitean, espero dugu esfortzu horri esker ikastea, oraina eta gero argitzea eta horren bidez halakoak ez errepikatzea bermatzea.
Ezinezkoa da Memoria Historikoa berreskuratzeko politikarik nahiz jarduketarik egitea, baldin eta ez bada identifikatzen zein pertsonak sufritu zituzten urraketa horiek. Balmasedaren  kasuan,  lortu  dugu  jakitea  4  pertsona erail zituztela preso zeudela, 7 hil zirela bonbardaketen ondorioz, 72 espetxeratu zituztela, 2 desagertu zirela, 17 atxilotu zituztela (2, 1960 baino lehen, eta 15, urte horrez geroztik), 2 erbesteratu zituztela, 16 fusilatu zituztela, 43 hil zirela frontean, 3 hil zirela espetxean, 50 gerrako ume egon zirela, 11 pertsona prozesatu zituela Ordena Publikoko Auzitegiak (TOP), pertsona bat torturatu zutela, eta beste lauk urratuta izan zituztela euren oinarrizko eskubideak ezagun ez diren arrazoiengatik. Beraz, guztira 232 pertsona kaltetuz ari gara, zuten ideologia, jatorria edo zer bandotakoak ziren gorabehera. Horiek guztiak izen-abizenekin.
Proposatutako jarduketak
Gai horren inguruko jarduketa-zerrenda bat egin da, egiarako, justiziarako, ordainerako eta berriro ez errepikatzeko bermeetarako eskubideak sustatze aldera. Balmasedako biztanleek 1936 eta 1978 urteen artean sufritutako oinarrizko eskubideen urraketa diagnostikatu ondoren, aztertuko da zer kostu ekonomiko eta juridiko izango lituzkeen egindako krimenengatik kereila bat aurkezteak. Herritarrak gonbidatuko dira Memoria Historikoaren gaian egingo diren jarduketetara, eta proiektu pedagogiko bat egingo da gaia lantzeko ikastetxeetan. Horrez gain, aurreikusita dago “La Guerra Civil en Balmaseda 1936-1939” Txomin Etxebarria Mironesen eta Jesús Etxebarria Mironesen liburua berrargitaratzea, testigantzak jasotzen jarraitzea, hitzaldiak ematea, Balmasedan egon litezkeen hobiez ikertu eta  horien  mapa  egitea,  kereila  jartzeko aukeraz informazioa eta aholkularitza ematea interesatuta dauden herritarrei, eta Udalak euren izenean jartzea aztertzeko aukera eskaintzea, Kolitzarako igoeran informazio-panelak jartzea, gaiaren gaineko atal bat sartzea Balmasedako Historia Museoan, Gernikako Bakearen Museoarekin elkarlanean erakusketa batean erakustea nola aurkeztu den Gerra Zibila eskolako liburuetan, eta abar.
Era berean, ekitaldi nagusi bat egin nahi da ekainaren 29an, tropa frankistak hiribildua hartu zuteneko 80. urteurrena dela eta, eta gertakari horien ordaintza errebindikatzen duten      jarduerak      eskaintzea     (antzezlanak, oroigarri-elementu generikoak jartzea, biktimentzako aitortza-ziurtagiri bat sortu eta banatzea, eta abar).
Laburbilduz, denon artean sortutako dokumentu    horrek    oinarriak  ezartzen ditu orain eta etorkizunean Memoria Historikoa berreskuratzeko politikek eta jarduketek lagundu dezaten historiaren azterketa autokritikoa egiten, eta balio demokratikoak, bakearen kultura eta giza eskubideak sustatzen.

 Memoria Historikoari buruzko esparru-dokumentua