Albisteak

Enkardendak azokaren lehen edizioa 
“Enkardendak” eskualdeko azokaren bigarren edizioa datorren irailaren 21ean, larunbata, egingo da, Balmasedan. Gure hiribilduko, Alonsotegiko, Zallako eta Gueñesko 40 denda baino gehiago elkartuko dira San Severino plazan, euren produktuak preziorik onenean erakusteko. Ogia eta pastelak, moda, zapatak eta osagarriak, altzariak eta dekorazioa, kirol produktuak, mertzeria- eta lentzeria-gaiak, haurrentzako moda, optikako produktuak eta abar erosi ahalko dira prezio ezin hobean.
Baina “Enkardendak” prezio onean erosteko azoka baino gehiago da, esku hartzen duten dendek eta babesleek jai-eguna izan dadin nahi dute, eta horretarako hainbat jarduera eta sorpresa antolatu dira. Oraingoz esan dezakegu txikienentzako ikuskizunak egongo direla eguerditik aurrera. Putxera doan dastatzeko aukera ere egongo da, eta sariak eta sorpresazko gutun-azalak banatuko dira bertaratutakoen artean. Era berean, ez da gure jirafa faltako, Balmasedako Merkatarien Elkarteko maskota.
Urteko garai honetan nabarmenki murrizten diren salmentak sustatzeaz gain, azoka horren jatorrizko helburua zen eskualdeko lankidetza modu berriak bilatzea merkataritzako dinamizazio ekintzen bidez. Enkarterriko merkataritza berritzailea eta lehiakorra da, eta eguneratuta dago kontsumo-joera berriei dagokienez. Eskualdeko markaren eta talde-lanaren izaera eta irudia dira etengabe aldatzen ari den sektore honetan bizirauteko helburuetako bat. “Enkardendak” horren guztiaren adierazle da.
Baina, gainera, parte hartzen duten dendek euren bezeroen fideltasuna saritu nahi dute, eta aisialdirako aukera eskaini: familia guztiarentzako jai-eguna.
Ekitaldia egun guztian zehar egingo da, 10:00etatik 20:00etara, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna Sailak babesten du. Halaber, Enkarturrek, Balmaseda, Zalla eta Gueñesko udalek zein merkataritza elkarteek eta gure hiribilduan dagoen Eskualdeko Dinamizaziorako Bulegoak ere laguntzen dute.