Albisteak

Errotarena 

Kiroldegi berria egitean, herritarren parte-hartzea izan da protagonista (jendaurreko epean egindako ideia eta ekarpenen lehiaketa). Uztaileko 124. zenbakiko Udalberriak-en jakinarazi genuen Balmasedako Udalak lehiaketa antolatu zuela kiroldegi berriari izena jartzeko, eta irabazleak 300 €-ko saria jasoko zuela.  Guztira, 35 herritarrek hartu dute parte lehiaketan eta, besteak beste, honako izen hauek proposatu dituzte: Balmaseda Polikiroldegia, Aisia Udal Polikiroldegia, Balmasedako Errotak Polikiroldegia, Urdingorri Polikiroldegia; Ibai Errotak Polikiroldegia; Balmakirol; Salcedon; El Salzinal; Zubi Zaharra Kiroldegia¸ Polideportivo José Manuel Esnal “Mané”; Gregorio San Miguel; Karmelo Morales; Ibaialde; Urriaren 23ª Kiroldegia; Arbalitzape Polikiroldegia ; Bal+eda Polikiroldegia; Polideportivo Los Molinos edo Villa Deportiva La Calzada.
Proposamenak aurkezteko epea amaitu ostean, proposamen guztiak aztertu eta 3 aukeratu ziren. Horiek urriko 127. zenbakiko Udalberriak-en argitaratu ziren, herritarrek euren gogokoenaren aldeko botoa eman zezaten. Honako hauek izan  ziren  bozkatzeko 3 izenak: Kirol-Inn; Balmarena Kiroldegia eta Errotarena.
88 herritarrek bozkatu zuten eta Errotarena izenak irabazi zuen, boto gehienak jaso baitzituen. Joseba Robledo Oviedok aurkeztu zuen izen hori ideien lehiaketan. Beraz, berak irabazi ditu 300 euroak. Zorionak!
Errotarena izenak hitz bakar batean bildu nahi ditu tradizioa (garai batean “errota” zegoen bertan) eta modernitatea (gaur egun kirol instalazioetan maiz erabiltzen da “arena" hitza), euskara eta gaztelania.