Albisteak

Euskarazko produktuen katalogoa 
Hemen ditugu Gabonak, eta opariak egiteko garaia da. Udaleko Euskara Sailak proposatzen digu gure hizkuntzan ere opariak egitea. Opari perfektua aurkitzea errazteko, haur eta gazteei euskarazko produktuen katalogo berria banatu zaie. Aurtengoa katalogoaren 15. edizioa da, eta, aurreko urteetan bezala, helburua da erreferentzia izatea euskarazko liburuak, musika edo bideoak erosi eta oparitzeko orduan. Berrikuntza, egokitasuna eta kalitatea dira katalogoa egiteko aintzat hartu diren irizpideak. Katalogoak zortzi atal ditu: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. On line ere aurkituko dugu katalogoa, www.katalogoa.org web orrian. Proiektu horrek merkatuan aurki daitezkeen askoz ere produktu gehiago jasotzen ditu. Ale bat eskuratu nahi baduzu, hurbildu zaitez Gazteria Bulegora edo Euskara Zerbitzura.