Albisteak

Lanbide 
Urriaren 17an Eskualdeko Orientabide Zentroa eta Enplegu Zentroa ireki ziren Balmasedan, eta bi hilabete hauetan, jende askok erabili ditu zerbitzuok. Argi dago erabiltzaile gehienak langabezian daudela, baina lanean ari direnak ere joaten dira, lanpostu hobea nahi dutelako, edo, besterik gabe, Lanbidek nola funtzionatzen duen jakin nahi dutelako.

Batetik, Eskualdeko Enplegu Zentroa auto-kontsultarako zentroa da, eta bertan, interesa duten guztiek Lanbidek nola funtzionatzen duen ikus dezakete, baita Bizkaian zein ikastaro eskaintzen diren ere, edo internet bidez edo beste baliabide batzuk erabiliz, enpleguari buruzko informazioa bilatu dezakete. Gainera, bibliografia erabili ahal izango dute Curriculum Vitaea sortzeko, elkarrizketak prestatzeko edo talde-dinamikak   ezagutzeko, eta egunero prentsan enpleguari buruz ateratzen diren atal bereziei begiratu bat emateko aukera ere izango dute. Horrez gain, bertan monitore bat egongo da, erabiltzaileei bilatu   nahi  dutena  aurkitzen  laguntzeko.

Bestetik, Orientabide Zentroak bi teknika erabiltzen ditu, eta administrazio arloko lana egiteaz gain (Lanbiden eguneratuta egoteko dokumentazioarekin   lotutako  guztia),  erabiltzaileei entzun egiten zaie, pertsona bakoitzaren egoera nolakoa den jakiteko asmoz. Gai horri dagokionez, azpimarratzekoa da erabiltzaileen profila oso heterogeneoa  dela; beraz, irtenbideak emateko, beharrezkoa da bakoitzaren egoera pertsonala, soziala, familiarra eta ekonomikoa ulertzen saiatzea. Hori lortzen denean, hainbat urrats eman daitezke, besteak beste, lan eskaintzetan sartu eta informazioa jaso  (nora  jo,  laguntzak nola eskatu, nola egin Curriculum Vitaea, Cáritasek nola funtzionatzen duen). Esan beharra dago zentro honek aukera ematen dizula Lanbiden egunean jartzeko, baina langabeziagatiko laguntzak Zallako bulegoetan ematen dira. Beharrezkoa da aldez aurretik hitzordua eskatzea, jende askok erabiltzen baitu zerbitzua.

Bi zentrook Tailer Eskolako beheko solairuan daude, Martín Mendia kaleko 15.ean. Astelehenetik ostiralera egoten dira zabalik, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Argibide gehiago jasotzeko, deitu 946800477 zenbakira.