Albisteak

Puente Viejo 
Balmasedako Udalak beharrizanak dituzten pertsonentzako 62.000 euroko diru-funtsa sortu du. Asmoa da bermatzea udalak ematen dituen diru-laguntzak gehiago behar dituztenei iristen zaizkiela. Horretarako, banakako diru-laguntza guztiak kendu dira, merkataritza-saltokiak eta ostalaritza-lokalak birgaitzeko ematen direnak izan ezik. Horrela, gehienez ere 12.000 euro erabiliko dituzte Ondasun Higiezinen gaineko Zergarako, beste 30.000 euro eskola-jantziak eta kirol-materiala erosteko, 8.000 euro euskara ikasteko eta beste horrenbeste diru fatxadak, teilatuak eta atariak birgaitzeko.
Era berean, beste bi partida ere aurreikusi dituzte: 2.000 euroko bat, igogailuak instalatzeko gastuetarako, eta 2.000 euroko beste partida bat, langabetuek prestakuntza-jarduerak egiteko joan-etorriak ordaindu ahal izateko.
Laguntza hau Balmasedan erroldatuta dauden eta baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonek jaso ahal izango dute. Horretarako, beharrezkoa da Udalaren biztanleen erroldan gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, etenik gabe, eta egoitza, egiazki, diru-laguntzaren eskaeran adierazitako bizilekuan izatea. Bizileku hori, era berean, diru-laguntzetako bat eskuratzeko igorri diren ordainagirietakoarekin bat etorriko da. Familiako diru-sarrera gisa, ezin izango da gainditu 12.000 euro gordineko kopurua, familia-unitateko kide bakoitzeko, eta ezin da izan begi-bistako zenbatekodun ondasunik, ohiko etxebizitza, garajeak eta trastelekua salbu.
Laguntza hauek atzera botatzeko arrazoiak honako hauek izan daitezke: eskatzaileak udal-zerga eta tasen ordainketa eguneratuta ez izatea edo Udalaren diru-laguntzetan edo udalaren eskumenekoak diren beste gai batzuetan iruzurrezko edozein jarduera   egitea  (betiere  diru-laguntza edo laguntza publikoen onuraduna izateari uztea badakar), nahikotasun ekonomikoa azaltzen duten zantzuak egotea eta horiek aurkeztutako dokumentazioko datuekin bat ez etortzea, bete gabeko edo  faltsututako eskabideak aurkeztea eta datuak ezkutatzen dituzten eskaerak egitea.
Eskabideak 2012ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitartean aurkeztuko dira Udalaren Erregistro Orokorrean. Gehienez ere bi hilabeteko epea egongo da, egun horretatik aurrera zenbatzen hasita, laguntzen inguruko ebazpena egiteko. 2012ko azaroaren 30era arte egindako eta ordaindutako gastuak besterik ez dira onartuko.
Laguntzak aurrekontu-esleipenen arabera mugatuko dira. Eskatutako zenbatekoak aurrekontua baino handiagoak  direnean,  eskatzaile  bakoitzari eman beharreko zenbatekoa murriztuko da. Murrizketa hori, gehienez ere, laguntza hauen xede diren gastu guztien % 30ekoa izango da. Aurrekontu-erabilgarritasuna gainditzen jarraitzekotan, laguntzak ematean lehentasuna izango dute ezarritako irizpideak ezartzearen ondorioz diru-sarrera gutxiago dituzten familia unitateek. Euren jabetzakoak diren ondasunak ere kontuan hartu beharko dira.
OHZ ordaintzeko laguntzak
Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kasuan, diru-laguntzak jasotako zenbatekoaren % 90era artekoak izan daitezke. Eskatzailearen ohiko bizitokiaren higiezinari dagokion OHZren ordainagiria (urteari dagokiona) besterik ez da joko diruz lagundu daitekeen gastutzat, eskatzailea titularra edo errentaria izan, betiere egiaztatzen badu errentariari aipatutako ordainagiriaren zenbatekoa ekarri diola. Alargunen kasuan, higiezina oraindik ere zenduaren izenean agertzen bada, heriotza-ziurtagiria eta familia-liburua aurkeztu beharko dituzte, baita zergaren azken ordainagiria ere, behar bezala ordainduta.
Errentaria izatekotan, alokairu-kontratua aurkeztu beharko da.
Euskara ikastea
Diru-laguntza jasotzeko, beharrezkoa izango da HABEk homologatutako euskaltegi publiko edo pribatuetan euskara-ikastaroak egin izana. Ikastaroak hizkuntz eskola ofizialetan, IRALEn edo HAEE bezalakoen lan-programa zehatzen bidez egin dituztenek eta ikastaroak egiteko euren enpresen diru-laguntza jaso dutenek ez dute diru-laguntzarik jasoko.
Diru-laguntzaren zenbatekoa ordaindutako matrikula, gehienez, gastuen % 40koa izango da, % 60koa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikasleak badira eta % 70ekoa haurrekin lotura estua badago (gurasoak eta haurren hezkuntza- edo aisialdi-arloko langileak eta abar).
Kirol-materialak eta eskola-jantziak
Xedea da eskolatzearen ondorioz sortzen diren familiako kargak murrizten laguntzea eta udalerriko txikizkako merkataritzaren garapena bultzatzea. Hori dela eta, Haur Hezkuntzan matrikulatutako haur bakoitzeko gehienez ere 30 euroko diru-laguntza emango da, eta 10 eurokoa faktura guztiak ez badira Balmasedako txikizkako merkataritzarenak. Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatutako haurrei dagokienez, zenbatekoa 100 eurokoa izango da, materiala hiribilduan erosten bada, eta 40 eurokoa hiribildutik kanpo erosten bada. Diru-laguntza hau xede bera duten eta beste administrazio edo erakunde publikoetatik zein pribatuetatik datozen beste batzuekin batera daiteke, betiere laguntza horien guztien batuketak gain-finantzaketarik sortzen ez badu.
Teilatuak, fatxadak eta atariak birgaitzea
Higiezinetako birgaitze-lanen kasuan, teilatu, fatxada eta atarien birgaitze integratuarekin zerikusia duten jarduerak diruz lagundu ahal izango dira, irisgarritasuna hobetzen badute. Laguntza horien baitan honako hauek daude: birgaitze-jarduera babestuak finantzatzea, fatxadetako pinturaren  gastu  materialak  ordaintzea, jabari publikoa aldamio eta obra-hondakinen edukiontziez okupatzeagatiko gastuak eta proiektu teknikoak idazteak eta obra zuzentzeak dakartzan gastuak. Laguntzak % 9koak izan daitezke, betiere hirigune historikoko irisgarritasuna hobetzeko egiten badira, eta % 4,5ekoak hiribilduaren gainerako lekuetan. Azpimarratu behar da, fatxadetako pintura-lanen gastuari aurre egiteko diru-laguntza jasotzeko, bertan emandako koloreak Hirigune Historikoan dauden koloreen kartan egon behar duela. Karta hori udalean bertan eska daiteke.
Obrako proiektua idazteko eta zuzentzeko, eta proiektu teknikoak egiteko, gehienez ere % 50eko laguntza emango da (300 euroko mugarekin). Edukiontzietarako, bestalde, gehienez ere 150 euro emango dira, eta aldamioetarako 300 euro.
Igogailuak jartzeko laguntzak
15 urte baino gehiago izanik igogailurik ez daukaten eta aurretik ere eduki ez duten eraikinetan, aintzat hartu dira eraikuntzako osagai komunetan igogailua instalatzeko komunitateko obretarako laguntzak ere bai. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren laguntza onartuta duten obrak baino ez dira diruz lagunduko. Zenbatekoa aurkeztutako exekuzio materialaren aurrekontuaren % 5ekoa izango da Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergarako, eskatzaileak instalazioa egin duten higiezinean duen partaidetza-kuotaren arabera. Edozein kasutan, udalak gehienez ere 300 euroko laguntza emango du pertsona bakoitzeko. Horrez gain, proiektuak idazteko eta zuzentzeko gastuei dagokienez, gehienez ere % 50eko diru-laguntza emango da (300 euroko mugarekin).
Langabetuek prestakuntza-jarduerak egiteko joan-etorrietarako laguntzak
16 urtetik gorako pertsona langabetuei emango zaie diru-laguntza; zehazki, Lanbidek onetsi eta homologatutako lanbide-heziketako prestakuntza-jarduerak egiten dituztenei. Beharrezkoa izango da onuradunak Lanbiden urtebeteko antzinatasuna izatea, langabetua izatea eta inolako prestaziorik ez jasotzea.
Diruz laguntzeko gehienezko zenbatekoa 240 €-koa izango da pertsona eta ikastaro bakoitzeko, horrek duen iraupena gorabehera. Gehienez ere egunean 6 €-ko diru-laguntza emango da. Kilometroak ordaindu egingo dira (egunean 60 km-ko mugarekin).

Diru laguntzen oinarriak