Albisteak

Bainuontzia dutxa ontziarekin ordeztea 

Aurtengoa bigarren urtea izango da Balmasedako Udalak Beharrizanak dituzten Pertsonentzako Funtsa zabalduko duela. Oraingo honetan, asko jota 62.000 euro banatuko dira, honako kontzeptu hauetan: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ordaintzea, eskolarako jantziak eta kirol materiala erostea, bainuontzia dutxa ontziarekin ordeztea, euskara ikastea, fatxadak, teilatuak eta atariak berritzea, igogailuak instalatzea, eta langabezian  dauden  pertsonek  prestakuntza jarduerak egiteko joan-etorriak ordaintzen laguntzea. Eskaerak 2013ko irailaren 16tik urriaren 21era bitartean aurkeztu behar dira, udaletxeko Erregistro Nagusian. Laguntzen onuradunak Balmasedan erroldatuta dauden pertsonak eta familia unitateak izango dira, baldin eta baliabide ekonomiko urriak badituzte. Orobat, nahitaezkoa izango da gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea biztanleen udal erroldan, inolako etenik gabe. Horrez gain, egiazko bizilekua laguntza eskaeran adierazitako helbidea izan beharko dute, eta halaber, bat etorri beharko du laguntza horietako batzuen xede diren ordainagirietan agertzen den helbidearekin. Bestalde, familia unitateko kide bakoitzak ezingo du 12.000 euroko zenbateko gordina gainditu (zuzenketa faktoreekin, aurreko eta ondorengoengatik), ez eta balio nabarmeneko ondasunak izan ere, ohiko etxebizitza, garajea eta trastelekua izan ezik.
Laguntza horiek ez dira emango honako kasu hauetan: udal zerga eta tasen ordainketa eguneratua ez izatea; udal eskumeneko auziei dagokienez iruzurrez jokatzea, baldin eta horrek eragiten badu diru-laguntza edo laguntza publikoen pertsona onuradun izateari uztea; kanpotik modu agerian ikusi ahal izatea baliabide ekonomiko nahikoak dituela; eskaera osatugabeak edo faltsutuak aurkeztea; edo datuak ezkutatzea.
Bestalde, nabarmentzeko modukoa da diru-laguntzak aurrekontu esleipenera mugatuko direla.

OIZ ordaintzea
Pertsona eskatzailearen ohiko etxebizitza den higiezinaren ordainagiria izango da diruz laguntzeko moduko gastu bakarra, pertsona hori higiezinaren titularra dela edo errentaria dela (azken kasu horretan egiaztatuko du errentatzaileak ordainagiriaren zenbatekoa kobratzen diola).
Gehienez ere 2013ko OHZren ordainagiriaren % 90 lagunduko da diruz, familia unitate bakoitzeko gehienez ere 200 euro.

Euskara ikastea
Laguntza horien onuradunek, arestian aipatutako eskakizunak betetzeaz gain, egiaztatu behar dute 2012-2013 ikasturtean euskara ikastaroak egin dituztela HABEk homologatutako euskaltegiren batean. Hartara, ezingo dituzte laguntzok jaso euskara ikastaroak lan programa zehatzen bitartez egin dituzten pertsonek, edota ikastarook euren enpresek lagundu badituzte diruz.
Diru-laguntza nagusia ordaindutako matrikula gastuen % 40 izango da, eta zenbait kasutan % 70 ere eskuratu ahal izango da.

Kirol materiala eta eskolarako jantziak
Eskolatzeak dakartzan familia-zamak arintzen laguntzeaz gain, gure hiribilduko txikizkako merkataritzari laguntzea ere sustatu nahi da.
Aurten, areagotu egin dira gehienezko zenbatekoak; izan ere, laguntza horiek 50 eurora artekoak izango dira Haur Hezkuntzan matrikulatutako haur bakoitzeko (20 euro fakturen zenbateko osoa Balmasedako saltoki txikizkarietakoak ez badira) eta 120 eurora artekoak Lehen Hezkuntzan eta   Derrigorrezko   Bigarren   Hezkuntzan matrikulatutako haur bakoitzeko (50 euro fakturen zenbateko osoa gure hiribilduko saltoki txikizkarietakoak ez badira).

Teilatuak, fatxadak eta atariak berritzea
Hartara, diruz lagundu egingo dira teilatua, fatxadak eta atariak osorik berritzeko jarduketak, horien bidez irisgarritasuna hobetzen baldin bada. Fatxadak margotzeko gastuei aurre egin nahi izatekotan, diru-laguntza eskuratuko da Alde Historikorako koloreen   zerrendako  baten  bat  hautatzen bada. Aipatu zerrenda hori udaletxean eska daiteke.

Bainuontzia dutxa ontziarekin ordeztea
Gehienez ere, 6.000 eurorekin lagunduko da diruz bainuontzia dutxa ontziarekin ordeztea, baldin eta ohiko etxebizitzan egiten bada.
Mugikortasun murriztua dutenek, edo % 33eko minusbaliotasun gradua edo handiagoa aitortua ez duten pertsonek eta erretiroa hartua dutenek lehentasuna izango dute diru-laguntza hori eskuratzeko orduan.
Kontzeptu berberagatik beste diru-laguntzarik jasoko ez duela  zin egin behar du jasotzaileak deklarazio batean. Lortu ahal daiteken laguntza %20koa izango da gehienez, 300 euroko mugarekin.

Igogailuak instalatzea
Beste partida bat dago irisgarritasun obretarako eta xedea izango da igogailuak instalatzea 15 urte baino gehiago dituzten eraikinetako elementu erkideetan, halakorik ez badute edo noizbait  izan  badute.  Eusko  Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren laguntza jaso duten obrak besterik ez da diruz lagunduko.

Langabezian dauden pertsonen joan-etorriak
Laguntzak emango dira 16 urtetik gorako pertsona langabetuek egiten dituzten joan-etorriei aurre egiteko. Zehazki, helburua da enplegurako prestakuntza profesionaleko ekintzak egitea, Lanbidek onetsi eta homologatutakoak, eta partida 2.000 eurokoa da. Pertsona bakoitzak ezingo du diru-laguntza bat baino gehiago eskuratu.

Laguntzaren oinarriak jaitsi