Albisteak

Kartela 
Enkarterri Green entitateak Lignophenol proiektua aurkeztuko du urriaren 17an, 09:00etan, Gueñesko Erreka Hotelean.  Inteinnova Groupek bultzatu du, eta egur hondarretatik lortutako bioplastikoak ekoizteko planta bat sortu eta ustiatzea aurreikusten du.
Lignina zuhaitzen zelula paretetan dagoen polimero bat da.  Zurtoinak loditzen ditu, hau da, egurra sortzen du. Lignina eta phenolen arteko konbinazioak konposatu kimiko bat ekarriko du, hain zuzen ere bioplastiko berri bat egituratzea ahalbidetuko duena: Lignophenol.
Aukera honetan, hortaz, zuhaitzetatik lignina aterako litzateke, teknologia japoniar berritzaile baten bitartez prozesatzeko eta, hala, lignophenol lortzeko. Hortik abiatuta, bioplastiko mota desberdinak ekoitzi ahalko lirateke hainbat sektoretarako, besteak beste, elikaduraren edo automozioaren sektoreetarako.
Aurkezpena enpresaburu, erakundeen arduradun, finantza entitate eta balizko inbertsiogileentzat egingo da, besteak beste.
Funtsean, labur esanda, proiektu berritzaile eta iraunkor bat da, Enkarterriko baliabide naturalak aprobetxatuko dituena.
Izena emateko: telefonoz (946690877) edo e-mailez (enkarterrigreen@enkarterrigreen.info).