Albisteak

Jardunaldia San Roque hotelean 
Berrogeita hamar enpresari, inbertitzaile eta erakunde zein finantza-entitateetako arduradun inguru elkartu dira gaur goizean Balmasedan egin den Bioproduktuak Proiektuaren aurkezpenean. Tecnalia Ventures-ek landu du aipatutako proiektua, sustatzaile pribatuekin lankidetzan, eta xedetzat du Enkarterri eskualdean kimika fineko produktuak egiteko instalazio bat abian jartzea. Bioekonomiaren esparruan kokatzen da proiektu hau, eta, funtsean, produktu naturalagoak, baliabide fosiletatik eratorriak ez diren produktuak, sortzean datza. Aurkezpena egin eta gero, sustatzaileak eta inbertitzaile potentzialak harremanetan jartzeko fasea ireki da.
Enkarterri Green-ek, Enkarterri eskualdeko garapen ekonomikorako gizarte, enpresa eta erakundeen mugimenduak, antolatu du jardunaldia eta Jesús Torrecilla jaunak, Tecnalia Venture-ko Merkatuko zuzendariak, Esther Lasa andreak, Enkarterriko Mankomunitateko lehendakariak, eta Andoni García jaunak, Enkarterri Group enpresa-elkarteko lehendakariak, parte hartu dute.
Jesús Torrecillak prozesuaren teknologia garatu duen erakundeko ordezkari gisa parte hartu du eta adierazi duenez, proiektu heldu bat aurkeztu dute, test teknologiko guztiak gainditu dituena, eta negozio-aukera bikaina da, gainera, proiektuan parte hartzera animatzen diren inbertitzaileentzat. Proiektua inbertitzaile potentzialei aurkeztu zaie, beharrezkoak diren finantza-laguntzak lortzeko lehen urrats gisa.
Proiektuaren azken helburua da lehengai berriztagarrietatik abiatuta (esterak, gantz-azidoen metilikoak, biodiesela eta/edo elikadurakoak ez diren landare-olioak) kimika fineko produktuak egiteko instalazio bat abian jartzea eta, modu horretara, gaur egungo biodiesel-instalazioen bideragarritasuna ziurtatzea, beren produktua balio erantsi handiko konposatuen ekoizpenera zuzendu baitezakete. Torrecillaren hitzetan, merkatuan horrelako produktuen eskari handia dago eta, aldi berean, ez dago produktu horiek fabrikatzen dituen enpresarik.
Gaur egungo merkatuan, produktuaren jatorri berriztagarriaren garrantzia azpimarratzen da, eta abantaila lehiakor bat dela uste da, gainera; beraz, aipatutako proiektuak negozio-aukerak bilatzen ditu prozesu kimiko berritzaile bat hainbat etapatan industrializatzeko. Hain zuzen ere, lehengai berriztagarri, merke eta eskura daudenetatik abiatuta, balio erantsi handiko kimika fineko hainbat produktu lortzen dira prozesua osatu eta gero. Aipatutako instalazioan lortzen diren bioproduktuak kosmetikaren eta elikagaien industrietarako izango dira funtsean eta kontsumitzaile txiki eta ertainentzako izango dira nagusiki.
Enkarterri eskualdeko udalek, enpresariek eta eragile sozioekonomikoek sustatutako gizarte, enpresa eta erakundeen mugimendu bat da Enkarterri Green. Elkarlan publiko-pribatuaren aldeko apustu garbia egin du Enkarterri eskualdean bizi-kalitatea, enplegua eta ongizatea lortzera bidean, betiere giza alderdia eta eskualdeko garapen ekonomiko iraunkorra oinarrian hartuta. Xede horretarako, espazio sozioekonomiko bereizi eta esklusibo bat eskaintzen du, balio erantsi handiko ekimenak, etorkizunean jardueren sortzaile izango direnak, ezartzeko.
Informazio gehiago Mikel Pulgarín Consultores (609 31 21 97).