Albisteak

Joseba Castro 
Joseba Castrok plaza bat eskuratu du Munduko Rally Txapelketan. Horretarako, 213 pilotu gainditu behar izan zituen nazio-mailako edo nazioarteko palmaresik ez duten pilotuentzako Objetivo Montecarlo 2012 lehiaketan. Horrela, bera izango da Munduko Rally Txapelketara joango den lehenengo euskalduna.
Enkarterrikoak abenduaren 5ean egin zen hautaketa-fasea gainditu eta 50 onenen artean geratzea lortu zuen, abilezia eta erlojupeko lau proba gainditu ostean. Josebak fase guztiak gainditu zituen, eta Jaramako zirkuituan txapeldun izatea lortu zuen. Jaramarako astebete eman zuen lurreko rallyen 2011ko txapeldun Óscar Fuertesekin eta Dakarren Qatari printzearen kopilotu Lucas Cruzekin entrenatzen. Cruzek oso palmares zabala dauka nazio-mailan zein nazioartean.
Montecarloko Rallya urtarrilaren 17an izango da. Josebak dio asko eskertu behar diola bere emaztegai Estelari; izan ere, bere ekimena izan zen guztia, Estelak inskribatu zuen berak ezer jakin gabe. Lerro hauen bidez eta Balmaseda hiribilduaren izenean munduko zorterik onena eskaini nahi diogu Josebari.