Albisteak

Lantegi Eskola 
Enpleguari buruzko albiste onek eman diote hasiera irailari. Lanbideren (Enplegurako Euskal Zerbitzua) eta Europako Gizarte Funtsak (“Europako Gizarte Funtsak zure etorkizunean inbertitzen du” lelopean) elkarrekin finantzatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013 EGF Programa Operatiboa. Horri esker, Balmasedak bere zerbitzuak areagotu egingo ditu eta eskualde mailako orientabide zentroa eta enplegu zentroa zabalduko ditu.
Horri esker, Balmasedak enplegu arloko zerbitzu nagusia izatea lortu du, eta horien bidez laguntza eskainiko dio eskualde osoari. Gogora dezagun, abenduan eskualde mailan Merkataritza Sustatzeko Bulegoa zabaldu zutela gure hiribilduan. Bulego horretan Enkarterriko merkatari guztiek kontsultatu ahal dituzte euren negozioekin lotutako gaiak: diru-laguntzak, enpresak sortzea, merkatarien elkarteetako bazkide egitea, eta abar.
Enplegurako orientabide-ekintzak garatzeko diru-laguntza 66.750 eurokoa izango da. Horietatik 24.750 euro Orientabide Zentrorako izango dira eta gainerako 42.000 euroak Eskualdeko Enplegu Zentrorako. Biek izango dute egoitza Lantegi Eskolan (hiltegi zaharra).
Halaber, Lanbidek (Enplegurako Euskal Zerbitzua) 333.392,55 euroko diru-laguntza eman dio Udalari 27 langabe kontratatzeko.
Orientabide Zentroa
Informazio, laguntza, motibazio eta aholkularitza ekintzak gauzatu eta informazioa eskainiko da; horien bidez eta bakoitzaren ezaugarri profesionalak aintzat hartuta, nork bere gaitasunak eta interesak zehaztu eta bere ikaskuntza-ibilbidea, enplegua bilatzea eta enpresa ekimenak abian jartzea kudeatu ahal izango ditu. Langabeen lan itxaropenak hobetzen saiatuko dira bereziki, eta lana baldin badute, enpleguaren kalitatea  hobetzen eta mantentzen. Helburu horiek gauzatu ahal izateko, banakako tutoretzak eskainiko dira, enplegu eskatzailearen informazio pertsonalizatua bildu eta haren enplegagarritasunari buruzko balorazioa emateko eta, hala badagokio, laneratze ibilbide pertsonalizatuak landu eta diseinatzeko. Gainera, banakako aholkularitza eskainiko da, lan bilaketako  jarduerekin zuzeneko lotura duten prestakuntza eta informazio premia espezifikoak asetzera bideratuak. Horiez guztiez gain, zerbitzu berri horrek taldekako aholkularitza eskainiko du eta taldekako ekintzak egingo dituzte, batetik, laneratzeko prozesua errazten duten alderdi pertsonalei eragiteko, eta, bestetik, parte hartzaileek lana bilatzeko teknikak eta tresnak (curriculum vitae, aurkezpen gutunak, nork bere burua eskaintzea, hautatzeko elkarrizketa, etab.) praktikan  jartzeko.
Eskualdeko Enplegu Zentroa
Balmasedak Behargintza izateaz gain, laster izango du enplegua eskualde mailan sustatzeko beste  egoitza bat: Eskualdeko Enplegu Zentroa. Bertan lana bilatzeko baliabideei buruzko auto-kontsultarako tresnak (ordenagailuak, aldizkariak, liburuak…) jarriko dira eskatzaileen eta erabiltzaileen esku. Gainera, pertsona bat egongo da laneratze prozesuan laguntzeko eta horretarako beharrezko tresnak  erabiltzen laguntzeko ere bai.
Lan berriak
Halaber, Udalak benetako lanpostuak sortzea lortu du, kotizaziopeko prestaziorik jasotzen ez duten eta/edo diru-sarrerak bermatzeko errenta  jasotzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko langabeak  kontratatzea  bultzatzeko laguntzei esker. Lanbidek (Enplegurako Euskal Agentzia) ematen ditu laguntzok. Horrela, 27 langabek lanaldi erdiko sei hilabeteko kontratuak eskuratuko dituzte, interes orokorreko eta erabilera sozialeko ekintzak gauzatzeko. Ekintza horiek, bestek beste, honako arlo hauetakoak dira: hirigintza (Felix de la Torre, Hedegile, Kalbario  eta  Kubo  kaleak  hobetzea),  teknologia  berriak  (udal  artxibategietako eta liburutegiko agiriak digitalizatzea, web orria dinamizatzea, oinezkoentzako guneei aplikatutako   teknologia    berriak   sustatzea), turismoa, aisialdia eta kirola (gazteen, umeen eta kirol arloko dinamizazioa eta informazioa), kulturaren sustapena, hezkuntza eta osasuna edo ingurumenarekin lotutako lanak.
Langile gehienak 30 urtetik beherako gazteak eta Diru-sarrera Bermatzeko Errenta jasotzen dutenak izango dira. Halatan, gizartetik kanpo geratzeko egoeratik urrundu egingo dira, lan duina egiten duten bitartean.