Albisteak

Beste kanpaina bat txakurrak kontrolatzeko 
Udaltzaingoak uztailaren 1etik aurrera abiaraziko du animaliak eduki eta babesteari buruzko kontrol kanpaina. Bereziki kontuan hartuko da kalean zehar dabiltzan txakurrak lotuta egotea eta arriskutsuak izan daitezkeen txakurrek muturrekoa jarrita izatea, bi kasuok derrigorrezkoak dira eta. Arau horiek betetzen ez badira, arau-hauste larritzat joko dira eta 300,52 eurotik 1.502,53 eurora bitarteko isunak ordaindu beharko dira. Haien txakurren gorotzak jasotzen ez dituzten herritarrei isuna jarriko zaie. Jarrera horrengatik 601 euroko isuna jaso daiteke.
Beste arau-hauste  batzuk
Aipatutakoez gain, beste arau-hauste batzuk ere nabarmendu ditzakegu. Kasu hauek arau-hauste arintzat joko dira: zentsu identifikaziorik ez daukaten etxeko animaliak izatea, transzendentzia larririk gabeko higiene falta izatea edo kalean pertsona bakar batek arriskutsuak izan daitezkeen txakur bat baino gehiago izatea (30,05 eta 300,51 euroko isunak ekar ditzakete). Honakoak, berriz, larriak izango dira: animaliak behar dituzten elikagai, edari, osasun laguntza eta lekurik gabe izatea, animaliei eraso egitea edo beharrezkoa ez den oinazea edo kaltea eragin diezaiekeen substantziak ematea (300,52 eurotik 1.502,53 eurora bitarteko isunak ekar ditzakete).
Azkenik, arau-hauste oso larritzat joko dira honakoak: etxe-abereren bat abandonatzea, eraso bidez heriotza eragitea edo substantzia toxikoak ematea edo simulatu gabeko krudelkeria, tratu txarra edo oinazea antzeman daitekeen eszenak filmatzea zinemarako edo telebistarako. (1.502,54 eurotik 15.025,30 eurora bitarteko isunak).
Arriskutsuak izan daitezkeen arrazak
Arriskutsuak izan daitezkeen arrazak honakoak   dira:   Pit   Bull   Terrier,  Staffordshire Bull Terrier, American Staffodshire Terrier, Rottweiler, Dogo Argentino, Fila Brasileiro, Tosa Inu eta Akita Inu.