Albisteak

Balmaseda-Biscaytik 

Bizkaiko Foru Aldundiaren Biscaytik proiektuan hilabeteetan gogor lan egin ondoren, Balmasedako Udalak dagoeneko web gune berria dauka. Gure hiribilduaren irudi berrian oinarriturik plataforma modernoa sortu da, intuiziozkoagoa, erabilgarriagoa eta eduki berriekin. Gure udalerriaren arlo batzuei buruzko informazioa (udal zerbitzuak, turismo eta kultur eskaintza, berdintasunari buruzko politika, euskara edo ingurumena) emateaz gain, helburua Balmasedaren gaur egungo egoera argi eta azkar eskaintzea da, azken finean, udalerriari buruz interesgarritzat jotzen den guztia.


Informazioa sei multzo handitan dago sailkatuta. “Udala” atalean toki administrazioaren antolakuntza, sailak eta historia ezagutu ahal dira, baita alkatearen bulegoa, kontratatzailearen bulegoa, udal albisteak eta hauteskundeak ere. “Zerbitzuak” atalean hainbat gai ematen dira: osasuna, hezkuntza eta irakaskuntza, euskara, kultura, berdintasuna, herritarren segurtasuna, ingurumena, lana eta etxebizitza, gizarte ekintza, garraioak eta zirkulazioa, kirola, kultur eta jaietako ekitaldiak eta telefono zenbaki interesgarriak. “Baliabideak” multzoan gaur egungo gaiak ematen dira, mapak, datu interesgarriak, gure hiribildura iristeko jarraibideak eta Udalberriak-en ale zaharrak pdf formatuan. “Herritarrak” atalean adin-tartearen arabera sailkatzen da informazioa (haurrak eta helduak, eta tartean ikasleak, gazteak eta nagusiak), eta herriko elkarteei buruz ere hitz egiten da.  “Enpresa” multzoan negozioa ezartzeko informazio erabilgarria daukagu: baimenak eta lizentziak, udal zergak, laguntzak eta diru-laguntzak, eta Balmasedako enpresa, komertzio eta zerbitzuen direktorioa. Azkenik, “Turismo” atalean ostatua, gastronomia, erosketak, kultura, kultur eta jai ekitaldiak, agenda eta bidaien plangintza.
http://www.balmaseda.net helbidetik zuzenean sartzen zara orri nagusian; hantxe, orain arte bezalaxe, “Alkatearen agurra”, “Agenda” eta “Berriak” nabarmentzen dira. Gainera, link interesgarriak eta mapa interaktiboa ere badaude.


Web gunea hau proiektu handiago baten lehenengo fasea da eta laster herritarrei administrazioko tramiteak etxetik bertatik egiteko aukera eskaini nahi zaie web gune horretan. Nolanahi ere, web gune berria interaktiboa izatea lortu nahi da, baita aldakorra ere, informazio beharren arabera eta herrian gertatzen diren aldaketen arabera.