Albisteak

Álvaro Parrok alkatetzaren makila Joseba Zorrillaren eskutik jasotzen 

Joan den abenduaren 26an, Joseba M. Zorrilla Ibáñez jaunak makila eman zion gure hiribilduko lehen alkateorde Álvaro Parro Betanzos jaunari. Horrela, Udalaren postu gorenaren ondorengotza egin zen, Joseba kargu honetan 14 urte eta erdi egon ondoren. Botereen eskualdaketa egin zen ezohiko bilera baten harira, eta aurreko ekitaldietakoak bezain murriztaileak ez ziren aurrekontu orokor batzuk onetsi ondoren.
Álvaro Parrok 40 urte ditu eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da eta 10 urte baino gehiagoko eskarmentua du zinegotzi gisa. Zehazki, Hezkuntza, Euskara, Gazteria, Kultura, Jaiak eta Kirol arloak izan ditu bere kargu.
Bestalde, Joseba Zorrilla jaunak Udala utziko du Eusko Legebiltzarran EAJko legebiltzarkide gisa duen lanpostu berrian aritzeko. 2013. urte hasieran dagoeneko orain alkate ohia denak adierazi zuen lanpostua uzteko asmoa zuela berariaz legebiltzarrean lan egin ahal izateko. Bada, aldaketa hori gauzatzeko une egokia ia 12 hilabete ondoren iritsi da, zenbait proiektu estrategiko bideratu ondoren, besteak beste, Fabio Murga tailerrak Arla poligonora lekualdatzea.
Zorrilla 1995. urtean iritsi zen Udalera, 28 urte zituela. Kultura, Kirolak eta Jaiak arloko zinegotzi aritu zen, Jesús Susoren gidaritzapean.
Balmaseda hiribilduaren 800. urteurrena zela-eta eginiko ekitaldiak (1999an) diseinatu zituen batzordeko idazkari izendatu zuten, eta horixe izan zen, hain zuzen ere, Balmasedako urteko ospakizun garrantzienetako baten hazia: Erdi Aroko azoka. Urte hartan bertan jabetu zen alkatetzaz, gutxiengoan zegoen gobernuarekin.  2003an, ordea, gehiengoa lortu zuen, eta hura izan zen bere sasoi onena, gauzatutako jardueren kopurua ikusita. Horrela, bere agintaldian, besteak beste, honako azpiegitura hauek inauguratu dira: Hiribilduko Historiaren Museoa, Pasio Bizidunaren Interpretazio Zentroa, Emakumearen Etxea, Klaret Antzokia, Kultur Etxea, "La Encartada" Txapel Museoa edo Errotarena kiroldegia. Horiez gain, aipatzekoak dira hirigune historikoa oinezkoentzat bihurtzeko   edota   Enkarterri   Etorbidea   berritzeko obrak eta Etorbidearen oinezkoentzako bi pasaguneak. Josebaren hitzetan, bere herriko alkatea izatea ohore handia eta benetan harro egotekoa izan da, eta uste du arlo profesionalean ez dela egongo beste hori bezain lanpostu hoberik eta suspergarririk. Agur esateko egin zuen hitzaldian, Zorrillak ezin zuen ahaztu bere alderdia, Balmasedako herritarrak, Udaleko langileak, bere taldeko zein oposizioko zinegotziak, bere betiko lagunak eta bere familia. Horrez    gain,    gogorarazi    zuen  ametsak amestearen bidez baino ezin daitezkeela egia bihurtu.
Álvaro Parroren esku geratzen da orain EAJk bere gobernuko programan nabarmentzen   dituen   erronkak  lortzea: Foru plazako gasolindegia Balmasedaren kanpoaldera eramatea   eta   trenbidearen   trazatua  aldatzea.