Albisteak

Gabonetako Haur Parkea 
Aurten ere Gabonetako Haur Parkea izango dugu Balmasedan; zehazki, udal-frontoian jarriko da abenduaren 26tik 30era bitartean. Sarrera doan izango da, eta atrakzio guztiez gozatu ahal izango dugu 11:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara bitartean. Nahiz eta Gabonetako Haur Parkea (GHP) bereziki 0 eta 16 urte bitarteko haurrentzat pentsatuta dagoen, haurrekin doazen gurasoek ere ondo pasatu ahal izango dute xede horrekin diseinatutako zenbait edukirekin.
Hari nagusia abentura izanik, begirale euskaldunek ondo pasatzeko eta adimena garatzeko aisialdi-jarduerak aurkeztuko dituzte.
Halaber, nabarmendu nahi dugu bertaratutakoek kutxatila bat izango dutela eskura, iradokizunak egin ahal izateko.
Familiarekin egiteko jarduerak
6 x 4 metroko agertokia izango da Play Back eta Just Dance jardueren ardatza, eta egokiak dira adin guztietako pertsonentzat. Egunero play back eta dantza saio bat egongo da, eta parte-hartzaileek alor horretako gaitasuna erakutsi ahal edota euren kanta gogokoenak dantzatu ahal izango dute.
Apaindegian haurrek eta helduek orrazteko eta makilatzeko aukera izango dute, atsegin dituzten pertsonaiak bezalaxe edo jaietako nahiz Gabonetako motiboekin.
3-9 urte bitartekoak
3 eta 9 urte bitartekoentzako eremuan honako hauek aurkituko dituzue: inurriaren etxea, bola igerileku handi batekin; untxi saltariaren puzgarria, hiru atalekin; oztopoen puzgarria, barruan salto egiteko elementuz betea; eta txirrista puzgarria, ateratzeko arrapala batekin. Gainera, haurrentzako ludoteka ere egongo da: puzgarria izango da, bertan 30 jolas baino gehiago egongo dira eta haurrak elkartzeko espazioa ere bai. Bertan, sukalde txiki bat, mozorroak eta abar aurkituko dituzte umeek.
10-14 urte bitartekoak
Haurrak baino gazteak direnentzat, Wii ezagunaren bideo-jokoen bost pantaila jarriko dira korridore batean. Joko birtual horiek kirola egitea, gaitasunak garatzea eta entretenitzea dute xede.
Halaber, lau ohe elastiko jarriko dira, eta denek izango dituzte babes-sareak, segurtasuna bermatzeko.
GHPk, bestetik, kirola egiteko eremu bat eskainiko du, eta bertan, besteak beste, hockey pista (taldeka eta familian jokatzeko), mahai-futbola eta ping-pongean aritzeko mahaiak egongo dira. Gainera, bi puzgarri ere izango ditugu: pailazo erraldoiaren itxurakoa eta eskalada-murrua, eskalatzeko zenbait hormarekin.
Tailerrak
GHPk irauten duen egunetan antolatuko dira, eta neska-mutilek ongi pasatuko dute eskulan dibertigarri eta koloretsuak egiten egun horretarako prestatutako tailerrean. Hartara, zenbait eskulan sortu ahal izango dituzte: pinguino dantzaria, Gabonetako edergarriak, antxeta hegan, gutun-azal dekoratuak, enbor dekoratua, puxtarri-jolasa, ilea apaintzeko urkilak, barraskiloa, haizemaileak, paperezko kometa koloredunak, ilea belarrezkoa duten panpinak, itsasontzi txikiak belarekin, estanpazioak, txotxongiloak, kafe-koadroak edo labirintoak.
Arratsaldero globoflexia ikuskizuna ere izango dugu.
Amaiera bikaina
GHP abenduaren 30ean amaituko da jai berezi batekin: Pottoka eta bere diskoteka mugikorra izango ditugu dantza egiteari ez uzteko.