Albisteak

Balmasedako 2015eko Pasio Biziduna 

Heldu da Balmasedako Gurutze-bidearen pasioa berriro bizitzeko ordua. Herri osoak dena ematen du Nazareteko   Jesusen  azken  egunak  antzezteko; tradizio horrek erlijioa gainditu du eta gure herriaren berezko zati bat bihurtu da. Jarraian, aurtengo Pasio Bizidunaren inguruko datu garrantzitsuenak argitaratuko ditugu.
Aurkezpena Carlton hotelean
Hilabete askotan entsegu eta prestalanak egin ondoren, komunikabideei egiten zaien aurkezpena ezinbesteko hitzordua izaten da Balmasedako Aste Santua izango denaren zirrikituak ezagutzeko. Aurten, berriz ere, Bilboko Carlton hotelean egin zen martxoaren 26an.
Antzezpena
Ostegun Santua: apirilak 2
Azken Afaria:21:30etik aurrera lehenengo antzezpena hasiko da San Severino plazan, elizako portalea eta udaletxeko ataripea erabiliz. Zuzien argi naturalak jazoko diren gertaldietatik aterako diren sentsazioak hautemateko giro bikaina sortuko dute.
Gutxi gorabehera ordubetean eszena hauek jokatuko dira: Apaizen Kontzilioa,  Azken  Afaria,  Olibondoen  Baratzeko Otoitza, Jesusen atxiloketa eta epaiketa Kaifas buru den apaiz-taldeen aurrean.
Ostiral Santua: apirilak 3
Gurutze-bidea: Balmasedako Pasioko gertaldi ezagun eta dramatikoena 09:30ean hasiko da, Mojazelain. Hiru zati izango ditu, oso desberdinduak. Pilatoren epaiketa Judaren urkamenduaz hasiko da. Ondoren, epaiketa bera antzeztuko da, baita Jesusen zigorraldia, Barrabasen askapena eta Ecce Homo ere. Kondenatutakoan, Jesusi gurutzea, 65 kilo baino gehiagokoa, eramanaraziko diote, eta, Dimas eta Gestas lapurren laguntzaz, Gurutze-bidea hasiko du. Lehen erorikoa eta Maria Magdalenarekiko eta Andre Mariarekiko topaketak gertatuko dira. Ekitaldi guztian, Kolitza Abesbatzak Balmasedako antzinako kantak, Pasioari buruzkoak, abestuko ditu.
Gurutze-bidea gune historikoko kaleetan egingo da, gurutziltzaketa  antzezten den tokiraino. Ibilbidean, bigarren erorikoa eta hirugarrena gertatuko dira, Foru Plaza eta San Severino plazan, hurrenez hurren. Era berean, ekitaldi horretan Jesusi gurutzea eramaten lagundu dion zirenearra atxilotuko dute eta Veronikarekiko eta emakume errukitsuekiko topaketa antzeztuko da. Azkenik, penitenteek bat egingo dute.

Kristoren kalbarioaren azken egonaldiak 50 metro zabal eta 15 metro altu den agertoki baten gainean egingo dira. Kolitza Abesbatzaren laguntza duen ekitaldi bat izango da, ikusgarritasun eta dramatismo handikoa: Jesusek, bere azken hitzak esan ondoren, azken arnasa emango du. Eraitsi egingo dute eta hilobira eramango dute. Horrela amaituko da antzezpena.
Prozesioak
Ostegun Santua: apirilak 2
Pasoen prozesioa: 19:00etatik aurrera izango da. San Severino plazatik Hedegile eta Martín Mendia kaleetarantz abiatuko dira, eta ondoren abiapuntura itzuliko dira. Erromatarrek  eta  penitenteek  (oinutsik  dabiltzanek eta txanoa eta gurutzeak daramatzatenek) lagun egingo diete pasoei. Kolitza Abesbatzak eta Azkoaga musika-taldeak ere parte hartuko dute.
Ostiral Santua: apirilak 3
Ehorzketaren prozesioa: 19:00etan hasiko da. Aurreko eguneko pertsonaia eta pasoekin batera, Magdalenak, Andre Mariak, Veronikak,    Apostoluek   eta    goizeko  antzezpeneko   beste   pertsonaia   batzuek desfilatuko dute. Pasoen kalitatearen eta pertsonaien egoera goibelaren artean, prozesio honi tristura sakoneko eta bildutasuneko giro bat ematea erdietsiko da. Ibilbidea San Severino plazan hasi, Hedegile eta Martín Mendia kaleetatik igaro eta abiapuntura itzuliko da.
Isiltasunaren prozesioa: 21:30etatik aurrera azken paso-prozesioa hasiko da. Guardia erromatarrak heriozko isiltasunean lagun egingo die Hilerriko Kristoaren eta Nahigabetuaren pasoei hilerriraino. Han, errespontsu labur baten ostean, Kristoaren pasoa bere ohiko kokapenean ipiniko da, kaperako horma batean. Nahigabetuarekin parrokia-elizara itzuliko dira. Ibilbidea San Severino plazan hasiko da, Pío Bermejillo eta Martín Mendia kaleetatik igaroko da, Millonario zubia zeharkatu eta hilerrirako bidea hartuko du.
Ostegun eta Ostiral Santuetako erlijio-ofizioak 18:00etan izango dira, San Severino elizan.
Sarreren salmenta
Aurten Gurutze-bide Bizidunaren elkarteak plano bat sartu du bere webgune  berrian,  eserleku  libreak  kontsultatu ahal izateko, egunero gaurkotzen baita. Programa izeneko atalean aurki dezakezu, webgune honetan: www.viacrucisbalmaseda.com.

-Enkartur Turismo Bulegoa (Martín Mendia, 2): Ostegun Santuan 17:00etatik 21:00etara.
-Klaret Antzokiko txarteldegia (San Juan plaza): Ostiral Santuan 08:00etatik 09:15era.

Prezioak:
Ostegun Santuko antzezpena:
Aulkiak: 3 euro
Orokorra: doan
Ostiral Santuko antzezpena:
1. ilarako aulkiak: 13 euro
2. eta 3. ilarako aulkiak: 11 euro
4. ilarako aulkiak: 9 euro
Tribuna: 7 euro
Zutik: 5 euro
Herri-bazkaria
Aurten, Balmasedako Gurutze-bide Bizidunaren Elkarteak, orain arteko lunch tradizionalaren ordez, herri-bazkari bat antolatuko du. Datorren apirilaren 18an izango da, udal-frontoian, 15:00etan.
Senidetasun-bazkari horrek modu batean edo bestean urtez urte herriko Aste Santuan parte hartzen duten emakumeak  eta  gizonak  areago  lotzeko balioko du.
Joan ahal izateko aldez aurretik erreserba egin behar da. Elkarteak bere webgunearen bidez (www.viacrucisbalmaseda.com) erreserba hori egiteko epeak eta moduak iragarriko ditu.
II. argazki-lehiaketa tematikoa
Javier María Santa Colomaren oroimenezko argazki-lehiaketa tematikoaren lehen edizioak eduki zuen arrakastaren ostean, Balmasedako Gurutze-bide Bizidunaren Elkarteak urte honetarako parte-hartzea zabaldu du berriro. Sariak nabariak dira; izan ere, irabazleak 1.200 euro jasoko ditu, bigarren saria 800 euro dira eta, horrez gain, 200 euroko accesita emango zaio tokiko obra onenari.
Interesa duten pertsona guztiek apirilaren 2ko 12:00ak baino lehen eman dezakete izena viacrucisbalmaseda.com/concurso web orrian. Argazkiak antzezpen guztian atera ahalko dira, haren igarotze normala eragotzi gabe. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi obra aurkeztu ahal izango ditu. Jatorrizkoak eta argitaragabeak izan beharko dute, formatu bakarra, 30 × 40 cm-koa, eduki beharko dute eta argazkiaren neurri bereko euskarri zorrotzean edo luma-kartoian bidali beharko dira. Horrez gain, euskarri informatiko bat erantsi beharko da, JPEG edo TIFF formatuan (gehienezko bereizmena, 300 DPI) eta RGB ereduan. Obrak 32. posta-kutxara (48800 Balmaseda-Bizkaia) bidaliko dira, Balmasedako Gurutze-bide Bizidunaren Elkartearen izenean, edo zuzenean Pasio Bizidunaren Interpretazio Zentroan utziko dira. Argazkien atzealdean goiburu bat eta obraren izenburua ipini beharko dira. Era berean, gutun-azal bat bidaliko da; horren barruan, goiburu bera eta egilearen datuak egongo dira. Aurkezteko epea apirilaren 21etik maiatzaren 24ra arte egongo da zabalik.
Herritarren eta  merkatarien  lankidetza
Aurreko urteetan bezala, lerro hauetatik eskatzen dugu apirilaren 2ko 21:30etik 23:00etara, gutxi gorabehera, San Severino plazaren inguruko etxebizitzetako eta ostalaritza-establezimenduetako argiak itzaltzeko eta ahalik eta isiltasun handiena gordetzeko. Gogoan izan ordu eta erdi horretan debekatuta egongo dela kale hauetatik zirkulatzea: Dorre, Santo Domingo, La Magdalena pasealekua, Magdalenabarren, Aldapa, Pío Bermejillo eta Hedegile.
Halaber, arren eskatzen dugu Ostegun Santuko antzezpena hasi aurreko uneetan etxera ahalik eta modu antolatu eta taldekatuenean sartzeko eta establezimenduak 21:15etik aurrera itxita uzteko.
Balmasedako Gurutze-bide Bizidunaren   Elkarteak  dendariei  orobat  eskatzen die beren erakusleihoak Aste Santuarekin zerikusia daukaten motiboez apaindu eta dekora ditzaten.

engalanen y decoren sus escaparates con motivos relacionados con la Semana Santa.