Albisteak

 

Kiroldegiko lehenengo harria jarri dute:
polideportivoAurtengo urtarrilaren 22an etorkizunean izango dugun kiroldegiko lehenengo harria jarri zuten. Horrelako ekitaldi bat lehenengo aldiz egin izan da geure Hiribilduan azken urteotan, eta halaxe egitea erabaki dugu proiektuak berebiziko garrantzia duelako. Aurrekontu altua izateaz gain (ia 6,5 milioi lehenengo faserako soilik), balmasedarren eskakizun historikoa ere bada. Joseba Zorrilla alkatearen hitzetan, obrak hasteko momentu egokia da, lehentasun gehiago zuten lanak burutu baitira eta, Galtzada Etorbidearen hirigintza-garapenaren ondoren, beharrezkoa zen 5.000 m2 baino gehiagoko lur saila dohainik lagatu delako. Gainera, udaleko diru-kutxak saneatuak egoteak neurri honetako proiektuetarako zorrak sortzeko aukera ematen digu eta, aldi berean, egungo egoera ekonomiko ahula igaro bitartean, toki administrazioak enpleguaren eta oparotasunaren aldeko jarduerak sustatzen ditu. Halaber, zehar-proiektua dela gogorarazi zuen alkateak; izan ere, kirolaren arloko proiektua izanik, beste zenbait arlotarako ere interesgarria izango da, hala nola, emakumearena, gazteriarena, adinekoena, aisialdiarena eta abar.

Ekitaldian izan ziren balmasedar gailenak, Hiriburuko elkarteko kideak, auzoetako ordezkariak, proiektuaz arduratzen diren arkitektu eta aparejadoreak, adjudikaziodun enpresa, egungo Gobernu Talde osoa eta oposizioko zinegotzi bat.

Alkatearen hitzaldiaren ondoren, denbora-kapsula gisa jokatuko duen kutxa bat lurperatu zuten barnean zenbait dokumentu sartu ostean: egun horretako egunkariak, Udalberriak aldizkariaren azken alea, Balmasedako gida gaurkotua, hauteskundeetako programa (hain zuzen ere, kiroldegiari buruz bere lehenengo orrialdean hitz egiten duena), irudi berriaren eskuliburua, irudiaren pin bat eta, ohiturak eskatzen duen moduan, indarrean dauden txanponak. Kutxa alkateak berak eta Álvaro Parro Kirol zinegotziak lurperatu zuten, eta bukatzeko parrokoak bedeinkapena eman zuen.

Eraginak:
Gogorarazten dizuegu obrek ez dutela udal igerilekuaren ohiko funtzionamenduan eraginik izango ez neguan ezta udan ere. Sor daitekeen eragozpen bakarra lanak gauzatzean egiten den zarata da. Ez du inolako ondorio kaltegarririk izango Galtzadatik dabiltzan ibilgailuen zirkulazioan.

Erakusketa publikoa:
Udaletxeak erakusketa publiko bat antolatuko du Kultur Etxean gure Hiriburuan egingo diren hiru proiektu handienekin: kiroldegia eraikitzea, Horcasitas Jauregia birgaitzea eta Kultur Etxea handitzea.