Albisteak

Jarduera berriak 

Errotarena kiroldegiko gimnasioak berrikuntza ugarirekin ekin dio ikasturteari. Lehenagotik eskaintzen zituen jarduerez gain (Crossfit, Spinning, abdominalak, Gap, Pilates, Gympump eta Aerobic), urrian beste ekintza batzuk ere antolatuko dira: Zumba, Interval Training eta igerilekuan gozatzeko Cross Swing. Halaber, datozen asteetan haurdunentzat berariaz antolatutako gimnasia eskainiko da.
Etorri eta proba ezazu gogokoen duzun kirola, eta bide batez, goza ezazu kirol horren onura fisikoez eta psikologikoez.
Zumba
Modan dagoen kirola da Zumba. Musika latindarrean eta pilatesen oinarritutako ariketak bateratzen ditu, eta gorputzaren garapenari ematen dio garrantzia, alderdi fisikoarekin eta mentalarekin konbinatuta.
Saio bakoitzak 50 minutu irauten du, eta eragin baxuko, ertaineko eta altuko ariketak egiten dira. Kirol dibertigarria eta praktikatzen erraza da; izan ere, zailtasun-maila taldearen arabera egokitzen da, eta maila igotzen joaten da ikasleek aurrera egiten duten neurrian. Metabolismoa arintzen du, kaloriak erretzen ditu, giharren erresistentzia eta erresistentzia kardiobaskularra garatzen ditu, malgutasuna indartzen du eta bihotz- zein zirkulazio-gaixotasunak izateko arriskua murrizten du.
Interval Training
Interval Training pistako lasterkariek aspaldian praktikatzen duten kirola da. Oso modan dago, gantz-masa erretzeko oso eraginkorra baita. Intentsitate altuko ariketa kardiobaskularrak (tarte motzean), intentsitate baxukoak eta atsedenaldia tartekatzen dira.
Cross Swing
Cross Swing uretan egiten da, eta ariketa kardiobaskularrak eta giharrak indartzeko ariketak tartekatzen dira. Ariketa horrek ez du inolako inpakturik, eta horregatik da, hain zuzen ere, oso egokia adin guztietako jendearentzat. Errotarena kiroldegiak hiru ordutegitan eskaintzen dizu jarduera hori. Hautatu zure bizitza-erritmora ondoen egokitzen den ordutegia.
Gimnasia haurdunentzat
Ariketa osasun-iturri garrantzitsua da, inolako zalantzarik gabe, bizitzako etapa guztietan, baita haurdunaldian ere. Haurdunentzako gimnasiaren xedea da emakumea erditzeko prestatzea, eta emakumearen zein umearen osasuna ahalbidetzea.
Giharrak lasaitzeko eta arnasteko ariketak eginda, hobetu egiten dira gorputzaren jarrera eta itxura, arindu egiten da bizkarreko mina eta indartu egiten dira giharrak. Horrela, emakumea prestatu egiten da erditzeko eta euskarriak sortzen dira artikulazio bigunentzat. Halaber, hobetu egiten da zirkulazioa, handitu egiten da malgutasuna, handitu edo mantendu egiten dira egoera aerobikoa eta energia maila, aurre egiten zaio nekeari, murriztu egiten da giharren tentsioa eta bultzatu egiten da erlaxazioa Horrek guztiak lagundu egiten du ongizate orokorraren sentsazioa izaten eta nork bere buruarekiko irudi ona izaten.
Jarduera honetan parte hartu nahi duten amagai guztiek urriaren 31 baino lehen eman behar dute izena kiroldegian. Klaseak azaroaren 4an hasiko dira, eta hilean 21 euro ordaindu beharko da.
Beste zerbitzu batzuk
Jardueren eskaintza oso zabala bada ere, kiroldegiak zure ariketa-taula osatzeko aukera ematen dizu. Profesionalek egingo dizute taula zure beharretara egokituta. Oposizioak prestatzeko asmoa baduzu, errehabilitazioa osatu nahi baduzu, edo zure zirkuitua ordutegi jakinik gabe eta zure erritmora egin nahi baduzu, etor zaitez kiroldegira eta hitz egin teknikariekin. Zerbitzu erabat pertsonalizatua eskainiko dizute.
Datuak
Errotarena kiroldegiko gimnasioa 09:00etatik 22:00etara egoten da zabalik astelehenetik ostiralera, eta 10:00etatik 14:00etara igande eta larunbatetan. Informa zaitez kiroldegian bertan edo honako telefono-zenbaki hauetara deituta: 946038543 edo 664529055.
Gainera, unean uneko informazioa topatuko duzu Facebooken: Errotarena Polikiroldegia.