Albisteak

Familia argazkia, prentsaurrekoa baino lehen 

Atzo, 11:00etan, Balmasedako 2012ko Gurutze-bide Biziduna aurkeztu zen komunikabideen aurrean. Honako hauek egon ziren Carlton Hoteleko Bilbo Aretoko mahai nagusian: Pasioaren zuzendari artistiko José Angel Ramón “Zarra”, Enkarturreko presidente Koldo Artaraz, Balmasedako alkate Joseba Zorrilla, Jesus pertsonaiaren antzezle Juan Ramón González eta Magdalenarena egingo duen emakumea, Maitane de la Fuente. 40 bat pertsonarekin batera etorri ziren, eta horiekin ordezkatuta geratu ziren apirilaren 5ean eta 6an antzezpenean ikusiko ditugun ia pertsonaia guztiak (erromatarrak, apostoluak, beronikak...).
Prentsaurrekora hamabost bat komunikabide hurbildu ziren. Bestalde, batzuek elkarrizketak telefonoz egitea aukeratu zuten, ezin izan baitziren deialdiaren lekura bertaratu.
Hizketaldietan, Artarazek tradizio honek Balmasedako eta Enkarterriko turismoari dakarkion guztia azaldu zuen. Zorrillak, bere aldetik, onartu zuen Aste Santu hau oso modu ezberdinean bizi duela, aurten Pontzio Pilato pertsonaiarena eginez parte hartuko du eta. “Zarrak” parte hartzaile guztien inplikazioa azpimarratu zuen bereziki, Gurutze-bide Bizidun honek hiribilduan eta eskualde osoan duen garrantzia. Horregatik, errespetua eskatu nahi izan zuen, bereziki Athleticek Ostegun Santuan jokatuko duen norgehiagokaren emankizunak iraun bitartean; izan ere, partiduak bat egingo du San Severino plazan antzeztuko den “Azken Afaria”-rekin.
Kazetariek bi pertsonaia nagusiei egin zizkieten galderak, batik bat: Jesus eta Maria Magdalena pertsonaiei, hain zuzen. Juan Ramón Gonzálezek onartu zuen esperientzia honekin “emozioak jota negar asko egin duela”, nahiz eta parte hartzen duen lehenengo aldia ez izan. Iaz San Andrés apostoluarena egin zuen.