Albisteak

Alkateak Balmasedako diploma hartzen 

Balmaseda, beste bederatzi udalen artean, publikoki errekonozitu dute 'Compact of Mayors' ekimenean bat egiteagatik, Donostiako Kursaal jauregian azaroaren 25ean egindako ekitaldi batean. 'Compact of Mayors' munduan egindako ahalegin kooperatiborik handiena da berotegi-efektuko gasak murrizteko, aurrerabideen segimendua egiteko eta klima-aldaketaren inpaktuetarako prestatzeko. Udalsarea 21 da ekimen honen gidari, eta udalerriok errekonozitu dituzte konpromiso argia izan baitute klima-aldaketaren kontrako borrokan eta toki-jasangarritasunerako politikak txertatzen. Hori dela eta, carbonn® Climate Registry Report 2015 erregistroan gordeko dituzte, ondoren Klimaren Munduko Gailurrean (COP 21) aurkezteko, abenduan Parisen.
Euskal Herriko hiru kapitalak, Amurrio, Areatza, Durango, Errenteria, Legazpi eta Tolosa, Balmasedarekin batera, Konpromiso hau sinatu dituzten udalak dira, C02a gutxitzeko ekintza desberdinak aurrera eramanez. Zehazki, Balmasedak eraginkortasun energetikoaren eta mugikortasunaren aurrean duen jarrera hobetzeko apustua egin du, herrigune historikoan esku-hartze integrala eginda eta Kadagua ibai-ertzean begetazioa berrituta.
Planetan osoko bazterretan klimaren aldeko ekintzak sustatzeko helburuz, Nazio Batuek Compact of Mayors aurkeztu zuten 2014an Michael Bloomberg jaunaren agerraldi bereziarekin. Proiektu hori C40, ICLEI eta Hirien eta Tokiko Gobernuen Batasuneko (UCLG) hirien sareek gidatzen dute UN-HABITAT ekimenaren bidez, berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko, klima-aldaketaren aurrean hauskortasuna murrizteko eta udalerrien erresilientzia handitzeko.
«Compact of Mayors ekimenak klima-aldaketa arintzeko eta haren inpaktuetara egokitzeko borondatezko konpromisoak hartzen dituzten toki-gobernuak elkartzen ditu, beren helburuak zenbateraino dauden beteta zorrotz eta modu publikoan azaltzen dituzten udalerriak, alegia; guztia ere errekonozitutako plataformetan, sona handikoetan, esperientziak errazago trukatzeko», nabarmendu dute ICLEIko kideek (Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Nazioarteko Sarea). Erakunde horrek eman die, hain justu, errekonozimendua hilaren 25ean ekimenarekin bat egin duten hamar euskal udalerriei.
«Euskadik ibilbide luzea dauka, baita konpromiso handia ere klimarekin. Alde horretatik, 2014ko abenduan, Eusko Jaurlaritzak Compact of States and Regions izeneko hitzarmena sinatu zuen Limako COP 20 biltzarrean. Euskadik Konpromiso horrekin bat egin ostean, Compact of Mayors ekimenarekin ere bat egin du», nabarmendu du Ana Oregik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak.
Euskadi eta klima-aldaketa
Donostia errekonozitzeko ekitaldia Klima Aldaketaren Estrategia aurkezteko egun berean izan zen. KLIMA 2050. Dokumentu hau hainbat forotan aurkeztuko dute Klimari buruzko Parisko Mundu Gailurrean. Hala, tokian-tokian jarduera klimatikoak zer-nolako garrantzia duen aitortzen du, eta helburuen artean nabarmentzen da herri-administrazioen eredugarritasuna, ingurumen-erronka honi aurre egiteko trakzio-indar gisa.
Euskal Autonomia Erkidegoak % 25 murriztu ditu berotegi-efektuko gasak 2005-2014 bitartean, poliki-poliki gas naturala txertatuta eta beste erregai batzuk erretiratuta, eraginkortasun energetikoa sustatuta, energia berriztagarriak txertatuta eta eraginkortasun handiko kogenerazioa lortuta, baita isurietan hain intentsiboak ez diren garraio moduak sustatuta eta herritarrak gehiago kontzientziatuta ere.
Ana Oregi sailburuak adierazi duenez, «Euskadi berotegi-efektuko gasen murrizketa nabarmenak beterik joango da Klima Aldaketari buruzko Pariseko Munduko Goi Bilerara». Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategiak ezartzen du 2030. urterako isuriak % 40 murriztea, eta 2050erako % 80 gutxitzea, betiere, 2005. urtea harturik konparazioaren oinarri.