Albisteak

Dendak 
Beste urte batez, Balmasedako Udalak hiribilduko komertzioa babesten jarraitzen du. Horretarako,  bosgarren urtez jarraian, diru-laguntzak emango ditu Balmasedako gune historikoko merkataritza eta ostalaritza establezimenduak irekitzeko eta berritzeko. Diru-laguntza horien helburuak dira, batetik, gure udalerrian merkataritza eta zerbitzu establezimendu berriak zabaltzea, eta, bestetik, daudenak berritzea eta modernizatzea.  Gainera, aintzat hartzen dira lokal hutsen jabeek egiten dituzten inbertsioak lokal horiek txukundu eta negozioa jarri nahi duten merkatarien eta ekintzaileen eskura jartzeko. Nagusiki honako kontzeptu hauek lagunduko dira diruz: kanpoko argiak, erakusketa-altzariak, errotuluak, informatika-ekipoak, saltokietako terminalak eta zuloak dituzten saretak jartzea; kanpoaldeko igeltserotza-, zurgintza-lan txikiak eta/edo ateen zein leihoen pintura-lanak egitea; berogailua edo aire girotua jartzea; internet kontratatzea   edo   musika-haria  kontratatzea; web orria sortzea eta minusbaliatuentzako sarbideak egokitzeko obrak egitea.

Diru-laguntzak emateko, puntuazio-sistema erabiltzen da. Sistema horretan hainbat alderdi balioesten dira, besteak beste, merkatarien elkartekoa izatea, egindako inbertsioa zenbatekoa izan den, negozioaren antzinatasuna, abuztuan zabaltzen den ala ez, edo gune historikoan asetzen ez diren premia komertzialak betetzen diren ala ez.

2011ko deialdian 5 eskari jaso dira, eta guztiek jaso dute egindako inbertsioaren % 25 eta % 40 bitarteko diru-laguntza. Azkenik, 15.000 euro banatu dira bost establezimendu artean.

Diru-laguntza horien deialdia urtero egiten da; beraz, negozioa jartzeko asmoa baduzu, informa zaitez Enkarturren, 3. solairuan edo 946801002 telefono-zenbakian (Mirenla).