Albisteak

Euskara ikasten 
Balmasedako Udalak diru-laguntzak emango ditu aurten ere euskara ikasteko. 10.000 euro banatuko ditu Balmasedan iazko 2010-2011 ikasturtean geure hizkuntza ikasi zuten herritarren artean.
Diru-laguntzak eskatzeko beharrezkoa da ikasturtea egin aurretik, gutxienez, urtebete igaro izana Balmasedan erroldaturik. Era berean, beharrezkoa da ikasturtea HABEk homologatutako euskaltegietan egin izana. 2010-2011 ikasturteko matrikulari dagozkion gastuak diruz lagundu ahal izango dira, izan urteko ikastaroak, trinkoak, barnetegiak edo helburu zehatzekin egindako denbora laburragoko bestelakoak. Alabaina, ez dira diruz lagunduko ikasleen gurasoen elkarteek edo ikastetxeek antolatutako eskolaz kanpoko euskara-jarduerak.
Oro har, diru-laguntzak ordaindutako matrikularen % 40raino hel daitezke. Ikastaroa egin duen pertsona Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikaslea bada, diru-laguntzak matrikularen gastuen % 60raino hel daitezke. Eskaera egin duen pertsonak haurtzaroarekin lotura estua badu (gurasoak, Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko hezkuntzako langileak edo haurren aisialdiko begiraleak, etab.), diru-laguntzak matrikularen gastuen % 70eraino hel daitezke. Pertsona onuradun  bakoitzari ematen zaion zenbatekoa ezin izango da, inola ere, % 70 baino gehiagokoa izan, eta ezingo da diru-laguntza bat baino gehiago jaso pertsona eta ikasturte bakoitzeko.
Behar bezala betetako eskaerak udaleko bulego nagusietan (lehenengo solairua) aurkez daitezke urriaren 3tik azaroaren 4ra, betiere diru-laguntzagai den ikasturtea amaitu ondoren. Ebazpena emateko gehienezko epea abenduaren 31ra artekoa izango da. Informazio gehiago nahi izanez gero, oinarriak osorik daude eskuragai bulego orokorretan eta Udaleko Euskara Zerbitzuan (biak daude lehenengo solairuan).