Albisteak

Álvaro Parrok lehenengo harria jarri du 

Otsailaren 7an  Álvaro Parro alkateak jarri zuen Talleres Fabio Murgaren instalazio berrien lehenengo harria, etorkizuneko Arla poligonoan. Ekitaldia 11:30ean hasi zen, José Luis Bilbao ahaldun nagusiak, Patrick Arnaud Winnoa taldeko presidenteordeak (Talleres Fabio Murga talde horretakoa da), Jose Miguel Artaza (Sprilurreko Zuzendariordea) eta gure alkate Álvaro Parrok denboraren kapsula lurperatu zutenean.Ekitaldira Imanol Pradales, Sustapen Ekonomikoko diputatua, ere joan zen.
Balmasedako alkateak nabarmendu egin zuen lekualdatze honek dakarren aire freskoa eta optimismoa, panorama biziki gaitz honetan, egungo ekonomia-egoeraren ondorioz. Halaber, oraindik ere gure eskualdea ezagutzen ez duten pertsona eta erakunde  guztiak  animatu  zituen  deskubritzera; izan ere, lankidetza publikoaren eta pribatuaren bidez, eta borondatea eta konpromisoa dagoenean, edozein erronka lor daiteke. Bestalde, nabarmendu egin zuen Balmasedarako eta gure eskualderako oso garrantzitsua dela lehenengo harri hori jartzea.
Arnaudek azaldu zuen hau dela bere taldeak azken 15 urteotan egin duen inbertsio handiena, eta aurrerapen handia dela hala ingurumenari nola kalitateari dagokionez.
Ahaldun nagusiak nabarmendu zuen une horretan erakutsi egiten zela zer dakarten erakunde publikoen eta pribatuen, eta instituzioen arteko lankidetzak eta lanak. Bere ustez, indarrak batzearen abantaila askoz ere garrantzitsuagoa eta desiragarriagoa da krisi-garaietan. Azpimarratu egin zuen Aldundiak enpleguarekin duen konpromisoa eta ekitaldia “itxaropenaren lehenengo harri” izendatu zuen, honen ondoren beste asko etortzea opa bazuen ere.
Hiru ordezkariek esker bereziak eman zizkioten azken alkate Joseba Zorrillari, erronka honetan izandako inplikazioagatik. Nabarmendu zuten jarraitzeko irtenbiderik ikusten ez zenean ere berak lanean jarraitzearen alde egin zuela.
Halaber, tartean dauden alderdi guztien lana eskertu zuen: Bizkaiko Foru Aldundiarena, Eusko Jaurlaritzarena, Fabio Murga tailerrena, Viviendas de Bizkaiarena eta Balmasedako Udalarena. Bestalde, Juanjo Larreak orain errealitate dena lortzeko eginiko lana gogoratu zen.
Ekitaldiaren amaieran luntxa egin zen “La Encartada”-n, Fabio Murga tailerren eskutik.
Aurrekariak
2006ko uztailean, Balmasedako Udalak, Enkarterriko zenbait enpresa lekuz aldatzeko abiarazi zuen prozesua ikusita, hitzarmen bat sinatu zuen Talleres Fabio Murgarekin eta Viviendas de Vizcayarekin, hiribilduko enpresa horri eusteko. Bada, proposatu zen enpresa Arla poligonora eramatea, hau da etorkizunean egingo den Rebollar industrialdera lekualdatzea. Horrela, fabrika hori eta dagozkion lanpostuak gutxienez 2016. urtera arte Balmasedan egotea ziurtatzen zen.
Data honetaz geroztik, exijitutako administrazio eta ingurumen arloko izapide guztiak betetzen ahalegindu dira: hasiera batean bertakoa zen proiektua orain Udalaz gaindikoa izango da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartuko du, Sustapen Ekonomikoaren Sailaren bidez.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak ere esku hartzea lortu zen; zehazki, Arlan egon litezkeen ingurumen arloko arazoak konponduko zituela hitzeman zuen. Horretarako 5 milioi euro inbertitu zituen, Sprilur sozietatearen bidez, enpresa horren kokapen berrian pabilioiak eraikitzeko. Enpresa hori alokairu erregimenean egongo da, erosteko aukera emanda. Bi erakundeek partaidetza mailegu bat jarri dute Talleres Fabio Murgaren esku. Horri esker, bermatu egiten da enpresa horretan jarduerak irautea eta jarraitzea, gutxienez 2024ko abenduaren 31ra arte. Horrek 22 milioi euro inguruko inbertsio orokorra ekarriko du, askoz ere instalazio modernoagoa eraikiko baita. Gainera, granailaren ekoizpen teknologikoan aurrerapauso handia eman dute, eta hori I+G+b-n egingo den inbertsioaren ondorio da.