Albisteak

Kartela 

Maiatzaren 10ean eta 11n Balmaseda berriz ere Erdi Aroko hiribildua bihurtuko da, Erdi Aroko Azokaren XVI. edizioari esker. Bi egun magiko horietan, antzinako eran eginiko elikagaien, intsentsuen, eskuz eginiko xaboien eta mota guztietako belarren lurrinak nagusituko dira giroan.
Hirigune historikoa kolorez beteko da aspaldiko garai horietako zutoihalekin, jantziekin eta apaindurarekin. Gainera, artisauen postuetan euren lanbidearen fruituak ikusgai jarriko dituzte, eta zenbait txanponen truke horiek eskuratzeko aukera egongo da. Era berean, ezin ditugu ahaztu komikoak, pertsonaia ibiltariak, izaki misteriotsuak eta magikoak, eta pikaroak, beste bisitari askoren artean.

Herri antzezpena: “Gerra banderizoak”
Aipamen berezia merezi du gure hiribilduko herritarrak Azokako lehen egunerako (goizerako)prestatzen ari diren herri antzezpenak. Oraingo honetan gogora ekarriko dira antzina Aedotarren eta De La Puentetarren artean izandako gerra banderizoak. Balmasedako bi familia aberats aurrez aurre ageri ziren, eta Gernikako korrejidorearen esku-hartzea behar izan zen borroka eteteko.
Balmasedako 400 herritarrek baino gehiagok hartuko dute parte antzezpen horretan; kasu batzuetan familia osoak dira, eta oihal atzekoek ere lan handia egin dute, ikusten ez den arren. Hemendik esker onik handiena guztiei, erakutsitako inplikazioagatik eta ahaleginagatik. Horrela, bai guk bai gure bisitariek zertxobait gehiago ezagutu ahal izango dute Balmasedako historia.

Berritasunak
Circo Cido
Azoka berritasunez beterik dator aurten.   Edizio   honetan,  Circo  Cido  antzerki eta musika konpainia berriak ikusi gabeko emanaldi originalak eskainiko ditu, asteburu osoan gozatzeko. “Enbufona-2” obraren kasuan, bi bufoi zoro, ustekabe, burlati eta oso dibertigarri arituko dira, eta bertaratuko den jendeari gozaraziko diete euren malabarismo jokoen eta akrobazien bidez. “Usadio zaharrean bezala”-ren kasuan, istorio kontatu eta kantatuak lotuko dituzte, eta bideetan zehar ikasitako trebetasunetako batzuekin harrituta utziko gaituzte. “Erremedio naturalak”-en, ez egin kasu euren etxeko erremedioei, ezta izan dezakezun edozein gaitz ustez sendatuko dizuten belarrei ere; izan ere, zerbait saldu besterik ez dute nahi, eta lortzen ez badute, euren behin betiko arma erabiliko dute, “elixir” ikaragarria. Nahi izatea ahal izatea dela erakutsi eta grabitatearen legeari aurre egingo diote euren malabarismo-jokoen bidez eta lortzen ezinezkoak diren oreken bidez. Horrelaxe murgilduko gara “Antzinako zirkua”-n. Nork ez du noizbait maitagarriengan sinetsi? Nork ez du inoiz desio izan fantasiazko izaki horiek baso sakonean barrena hurreratzea? “Fantasiazko pertsonaiak” obran aukera hori izango dugu. Azkenik, “Flambé eta Fundí” gaueko ikuskizunean akrobaziaz eta umoreak izango dira nagusi.
Musika taldeak
Musika taldeen haritik, honezkero ezagun dugun Al Folk exotikoaz gain, Wyrdamur eta Olta Gabhar taldeen Erdi Aroko melodiak entzungo ditugu. 5 musikarik osatzen dute Wyrdamur taldea, karakterizazio paregabea du eta ikuskizun integrala da. Bertan, musikariek ez diote abestien joaldiari soilik erreparatzen; aitzitik, moldatu eta interpretatu egiten dituzte euren estilo berezira egokitzeko. Antzerkiko eta umorezko elementuak erabiltzen dituzte, baita elementu eszenikoak ere, esaterako, sua edo jantziak. Lau musikari dira Olta Gabharreko taldekideak, haize-instrumentuetan eta perkusioan prestakuntza dutenak, eta euren musika eskainiko dute Azokako kale zein plazetan, hala euren errepertoriokoa nola Erdi Aroko abesti tradizionalak.
Pertsonaia berriak
Marina eta Igor bihurrikari moldaviarrek eta Gennadiyren akrobaziek gozarazi egingo diete ikusle guztiei. Fakir berria dugu, Fakir Testaren ikuskizun harrigarriak direla eta.
Ploma i Fusta  izango  da  gure  sugeen  hezitzailea edizio honetan, eta Malex Clarianak ekarriko digu falkoneria, antzinako arte noblea.
Gaueko ikuskizuna
Efimer taldearen eskutik datorkigu larunbat gaueko ikuskizuna, ametsez jardungo duena. “Hitz gutxi” aurtengo Azokako apustu berri eta originala da.
Hitzak bukatzen zaizkigunean, irudiak    besterik  ez  da  geratzen,  ametsak. Izara erraldoien itsasoan murgilduta, itzal txiki batzuk deskubrituko ditugu, gure ontzi bereziko kapitainak finkatutako erritmoan haziko direnak eta bizidun bilakatuko direnak, harik eta gure errealitatera sartzen diren arte. Ametsen mundua gogora ekarriko digute objektu erraldoiek, 10 m-rainoko ur-zurrusten efektu bereziek, xaboi-burbuilek, suak, pirotekniak, keak, 5 m-ko eskeleto batek eta eldarniozko musikak.
Magia eta Erdi Aroko kanpamentua
Halaber, azpimarratzekoa da magiak toki berezia izango duela aurtengo edizioan. Gainera, nabarmendu behar da magiak leku berezia izango duela edizio honetan. Gennadiyren ilusioaren arte ikuskizunez gain, Troupe Malaboren Erdi Aroko magia ere izango dugu.
Eta, azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, bereziki etxeko txikienei eskainitako Erdi Aroko kanpamentua izango dugu, eta bertan ikasi ahal izango dute zaldun izaten.

Haurrei bereziki zuzendutako ekintzak
Erdi Aroko Azokan oso garrantzitsuak dira umeak. Hori dela eta, heziketa fabulak eta interes pedagogiko handiko hainbat ikuskizun eta antzezlan gozatzeaz gain, eurentzat bereziki prestatutako jarduerak ere egongo dira.
Arestian aipatu den Erdi Aroko kanpamentuaz landa, ogibideen tailerretan ikasiko dute nola lantzen ziren zeramikazko elementuak edota saskiak, adibidez. Halaber, haurrentzako txokoa egongo da, eta bertako jolasak psikomotrizitate beharrizanak bereziki lantzera bideratuta daude. Gurasoek ere bertan egoteko aukera izango dute. Beste alde batetik, Azokako haurtzaindegian joko eta denbora-pasa gehiago egongo da, gurasoek Azokatik osteratxoa egin edo euren seme-alabekin jolasten gelditu ahal izateko.

Informazio gehiago