Albisteak

Ideia zoragarria 
Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak diru-laguntzak emango ditu autoenplegua eta enpresak sortzea sustatzeko. Horretarako, diruz lagunduko dira gastu hauek: lokalaren alokairua, hornigaiak, aseguruak, garbiketa eta mantentze-lanak, bulegoko materiala, zerbitzu profesional independenteak, publizitatea eta promozioa, eta Gizarte Segurantzaren kotizazioak.
Diru-laguntza horiek euren jarduerari urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean ekiten dioten ekintzaileei zuzenduta daude. Proiektu bakoitzeko guztira 3.000 euro emango dira. Sail horren diru-laguntza jaso duten erakundeen aholkularitzari esker sortutako enpresak badira, 4.000 euro emango dira, eta gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden kolektiboak badira, 5.000 euro.
Halaber, aurten Ekonomia Sustatzeko Sailak ekintzaileei laguntzeko asmo sendoa du eta horretarako, laguntza osagarri bat eman nahi die hasierako inbertsioa egiterakoan. Hala, bada, jardueran alta ematen dutenean 30 urte edo gutxiago duten pertsonek 1.700 euro arteko laguntza jaso dezakete (pertsona bakoitzeko) ibilgetuen inbertsioaren % 70 finantzatzeko, hain zuzen ere, aplikazio informatikoak, eraikuntzak, instalazio teknikoak, makinak, altzariak… Beharrezkoa da gutxienez 500 euroko inbertsioa egitea laguntza jaso ahal izateko.