Albisteak

Dirulaguntzak saltokientzat 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak orain dela gutxi argitaratu du merkataritza-saltokiak modernizatzeko laguntza (MSM). Laguntzaren hartzaileak merkataritza arloko enpresa ertain eta txikiak dira, baldin eta establezimendua hobetu, irudia berritu eta saltokiaren erakargarritasuna areagotzeko, honelako inbertsioak egin badituzte: software, kutxa erregistratzaileak, informazioa prozesatzeko ekipoak, saltokietako terminalak, kode-irakurgailuak, etiketatze-sistemak, altzariak, lokalak eraberritzea, aire girotuko sistemak, gailuen ekipamendua, etab.
Diru-laguntzen ehunekoa % 15 eta % 20 bitartekoa izango da, inbertsio motaren arabera. Dena den, areagotu egin daiteke merkataritza-establezimendua merkatarien elkarte baten kide bada (2 puntu gehiago) edota UNE 175001 edo maila handiagoko egiaztagiri bat lortu badu (2 eta 5 puntu bitarteko igoera).
Laguntza horiek lortzeko, gutxienez 2.000 euroko inbertsioa egin behar izan da, informatika ekipamenduekin izan ezik, horien kasuan gutxieneko inbertsioa 600 eurokoa izan behar baita. Onartu egingo dira 2012ko uztailaren 1etik 2013ko ekainaren 17ra bitartean eginiko fakturak. Inbertsioaren xede diren elementuak berriak izan beharko dira erabilerari dagokionez, eta aktiboak, gutxienez, 3 urte egon beharko dira enpresan.
Eskaerak aurkezteko epea aurtengo ekainaren 17an amaituko da, eta azpimarratzekoa da diru-laguntza ez dela, inola ere, 12.000 euro baino gehiagokoa izango establezimendu eta urte bakoitzeko.