Elkarteak

 
  • Helbidea: San Juan plaza, 1.- Kultur Etxea 48.800 - Balmaseda 
  • Jarduera:
  • Telefonoa: 647.441.227 
  • Faxa: 946.801.789 
  • Harremanetarako: balmaciclista@hotmail.com 
  • Webgunea:  

BALMASEDAKO TXIRRINDULARITZA ELKARTEA 

Balmasedako Txirrindularitza Elkartea 1973an sortu zen, Balmaseda hiribilduko gazte talde batek zuen txirrindularitza zaletasunari erantzunda. Nahiz eta lehiaketak antolatzeko ahalegin handia egin, dedikazioa eskaini eta irrika bizia izan, hasierako urte horiek oso nekezak izan ziren, kirol elkarteak zuen gabezia ekonomikoaren ondorioz.

Balmasedako Txirrindularitza Elkartea bereizgarria izan da antolatutako lasterketengatik eta oinarrian egindako lanarengatik. Hau da, buru belarri aritzen da lanean txirrindularitza talde guztiekin; bai Bizkaian kide gehienetarikoa duen txirrindularitza eskolarekin, bai Enkarterri Taldeak zuzentzen dituen kadete edo junior taldeekin.

Gainera, kadete eta junior mailetarako, goi-mailakoentzako, sub-23koentzako eta emakumeentzako hainbat txapelketa antolatzen ditu. Horien artean, aipatzekoak dira honako hauek:

  • BALMASEDAKO EMAKUMEEN TXAPELKETA: Maiatzean emakumeak elkarren lehian aritzen dira lasterketa horretan.
  • LA BALMASEDA MARTXA ZIKLOTURISTA: Estatu osoko zikloturistak etortzen dira martxara. Gainera, iraupen luzeko txirrindularitzako Challangerako puntuak lortzeko balio du.
  • KOLITZA SARIA: Lehenengo urteko kadeteentzako maiatzean egiten den lasterketa da eta kategoria horretako Bizkaiko Federazioko Challangerako puntuak lortzeko balio du.
  • BIZKAIKO ITZULIA: 2.14.1 kategoriako etapatako itzulia da. Horretan, Estatu osoko junior taldeek hartzen dute parte eta Iban Mayo, Xavier Florencio, Iker Camaño bezalako lasterketari ezagunek irabazi izan dute.
  • UDAL SARIA: Lehenengo eta bigarren urteko kadeteentzako lasterketa da eta kategoria horretako Bizkaiko Federazioko Challangerako puntuak lortzeko balio du.
  • SAN ROQUILLO KLASIKOA: Goi-mailakoentzako eta 23z behekoentzako lasterketa da, 1.12.2 kategoriakoa. Horretan, Ángel Casero, J.M. Jiménez, Gorka González, Julen Urbano (Balmasedan jaio eta hazitako lasterkaria) edo David López bezalako lasterketari ezagunek irabazi izan dute eta gaur egun horietako asko goi-mailako UCI kategorian daude.

Era berean, lasterketa horiez guztiez gain, bestelako ekintzak ere antolatzen ditugu; besteak beste, txango zikloturistikoak, Tourrerako bidaiak, etab. Horrela, nabarmentzekoa da gure eskualde osoan haurrentzako eskolek egiten duten bilkura. Horretan, 150 umek baino gehiagok ilusio handiz kirol honetaz gozatzeko aukera paregabea izaten dute.

Balmasedako Txirrindularitza Elkartearen helburua ez da txapelketako txirrindularitza soilik bultzatzea, baizik eta txirrindularitza aisialdia igarotzeko modu gisa sustatzea. Horrexegatik, hainbat martxa zikloturista eta “La Balmaseda” izenekoa antolatzen ditugu. Azken horrek entzute handia du eta Enkarterrin, Aiara haranean eta Mena haranean zehar egiten da Urduñako mendate mitikoan gora eginez. Gainera, estatu osoko txirrindularitza zaleak etortzen dira bertara.

Beraz, txirrindularitza gustuko baduzu, ez izan zalantzarik eta jar zaitez harremanetan elkarteko norbaitekin! Kirola praktikatu edo aisialdia txirrindularitzan eman nahi duen gazteren bat ezagutzen baduzu, dei iezaguzu! Bestalde, web gune honek txirrindularitzaren alde egiten dugun lana barreiatzeko lagunduko digun esperantza dugu. Hori dela eta, elkarte osoak eskerrak eta ongi etorria eman nahi dizkizue!

Informazio gehiago nahi baduzu, KZgunean Balmasedako Txirrindularitza Elkartearen web gunea kontsulta dezakezu.

BALMASEDAKO TXIRRINDULARITZA ESKOLA

Balmasedako Txirrindularitza Eskola 80ko hamarkadan sortu zen, Balmaseda hiribilduko haurrak txirrindularitzaren bitartez oro har kirola praktikatzera bultzatzeko asmoarekin.

Gure elkartea betidanik oinarri-oinarritik hasi da lanean; 8 urtetik 13 urtera bitarteko umeekin, hain zuzen ere. Horrela, umeek adiskidetasuna, lagunartea, talde-lana eta bestelako balio batzuk ikas dezaten nahi dugu. Beraz, kirola praktikatzeak baino garrantzi handiagoa du helburu pedagogikoak.

Txirrindularitza Eskola honetan, txirrindularitza praktikatu nahi duten gazte guztientzat dugu lekua. Ekintza-denboraldia martxoan hasten da. Hasieran, larunbat arratsaldeetan, hainbat jymcana egin ohi ditugu. Ondoren, apirilean eta maiatzean entrenamenduei ekiten diegu El Paramo industrialdean. Ekainetik aurrera, eskolen arteko txapelketak hasten dira, bai eskualde mailan, bai probintzia mailan. Hori dela eta, Bizkaiko gainontzeko eskolek ere parte hartzen dute.

Txirrindularitza Eskolan aritzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik inolako prestakuntzarik izatea. Gainera, edozein motatako bizikleta erabil daiteke, nahiz eta “klasiko” izena dutenetarikoa izan. Eta bizikletarik ez edukitzekotan, elkarteak berak utziko dio gazteari entrenamenduetan eta lehiaketetan parte hartu ahal izateko.

Hogei urte luzeetan zehar umeekin lanean aritu ostean, burututako lanaz oso harro gaude eta horrek bide honetan jarraitzeko gogo handiagoa ematen digu.