aintzinako trena

Balmasedako Putxera

Babarrun gorri, tipula, berakatz, piper gorri, saiheski, txorizo eta xingarraren usain bereziak betetzen ditu Balmasedako kaleak. Putxerak dira. Eta, urtero biltzen dira herritarrak putxeren inguruan urriaren 23an, San Severino egunean alegia, tradizioei eusteko asmoz. Eltzekaria da gutxienekoa. Lagun artean egun atsegina pasatzeko aitzakia baino ez da.

Ez ziren garai errazak. Energia iturri nagusi izandako ikatza azkenetan zegoen. Industria siderurgikoa, berriz, hazten ari zen azkar baino azkarrago, eta ikatzaren ordezko izango zela antzematen zen. Industria horrek Bilbon izan zuen hazkundea eta La Roblara (Leon) ikatz bila trenez egiten ziren bidaiak izan ziren, hain zuzen ere, gure protagonista txikiaren, putxeraren, sortzaileak.

Baina, abiatu gaitezen poliki-poliki. Bizkaiko Balmaseda herrian eta zerua ke-zutabe amaiezinez betetzen zuten lurrun trenen garaian kokatu behar dugu. Garai hartan, balmasedar ugarik ziharduen lanean trenbidean; izan ere, FEVEk (Ferrocarriles Españoles de Vïa Estrecha) iparraldeko tailer nagusiak Balmasedan zituen. Lanean gogor eta baldintza txarrenetan jarduteko ohitura zuten gizonak ziren. Nolanahi ere, ez zieten etsia hartzen sakotontziko janariei. Janari hotzak eta zaporegabeak ziren; baina, euren lanbideak horiek irenstera behartzen zituen. Ez, gizon jatunak ziren: euren ortuetako, ibaietako eta ehizako produktu goxoetara ohitutako gizonak.

umeak eta trenak

“Putxera ederki errotu da Balmasedan, bera sorrarazi zuten lurrun-trenez harantzago".

Badirudi egia dela goseak zorroztasuna suspertzen duela. Hala, egun batean, makinistetako batek ohiko ibilbideak goitik behera aldatu zituen zerbait asmatu zuen. Eta, zerbait hori putxera edo trenbideko eltzea zen. "Chubesqui" delako berogailua zen, trenean eltzekari gozagarriak egin eta, jakina, bero jateko aukera ematen zuena. Aparailu horrek makinatik ateratako lurrunaren bidez funtzionatzen zuen. Putxeraren erabilera asko hedatu zenez, FEVErekin lan-hitzarmena sinatu zuten, makina guztietako lurrun-galdarek txorrota izan zezaten putxerak beharrezkoa zuen lurruna atera ahal izateko.

“Jatorrian, putxerak ehun gradu zentigradu behar zituen. Horrek zapore berezia ematen zien janariei".

Treneko gainerako langileek, aurrealdetik iristen zitzaien usain gozoak suspertuta, euren sistema asmatu zuten: landare-ikatzez berotzen zuten putxera. Berehala hedatu ziren bagoi guztietara kea zerien putxerak. Putxerak bero jateko aukera emateaz gain, lanaldi atseginagoa izateko aukera eskaintzen zien langileei.

bi putxera

Putxerarekin batera, palan egindako txuleta izan zen trenbideko lana atseginagoa egin zuen beste asmakizun bat. Horretarako, nahikoa zen koipeztatutako txuleta erretzea makinaren galdarara ikatza botatzeko erabiltzen zen palaren gainean. Horrela, bakoitzak bere gustura jaten zuen haragia: gutxi eginda, bere puntuan, edo arretarik eskaintzen ez bazitzaion, erabat erreta.

San Severinoren osasunerako

Denborak aurrera egin hala, gas-oil makinek zaharkitu egin zituzten lurrun-makinak. Baina, euskal herritarrek, euren tradizioekin jarraituz, ez dute ahaztu euren arbasoen bidaiak atseginago egin zituen putxera. Hala, eta balmasedarren ahaleginari esker, urtero urriaren 23an putxerek kez betetzen dituzte Balmasedako kaleak. San Severino egunean, 430. urtetik 508.era bizi izan zen abade frantsesaren egunean, herritarrak oso goiz jaikitzen dira. Egun horretan itxi egiten dira dendak, fabrikak, tailerrak… Tabernak eta jatetxeak, ordea, zabalik egoten dira, bai eta San Severino plaza ere, bertan egiten baita erro sakonak dituen Putxera Lehiaketa.

putxerak

Goizean goiz hurbiltzen dira plazara jai giroan ordu ugari eman eta erdi lo dauden herritarrak. Lagun taldeek, lankideek edo familiek apurka-apurka jartzen dituzte lurrean putxera eta eltzekaria egiteko beharrezkoa duten guztia. Lotienek, ordea, ia ez dute lekurik izaten euren putxera jartzeko. Goiza eltzearen inguruan pasatzen da, txiste eta broma artean, hamaiketarako ongi frijitutako odolki eta txorizo muturren eta ardoaren laguntzaz.

Baina, nola egiten da babarrun putxera? Babarrunak eltzean jarri eta ur hotzez estali behar ditugu. Sutan jarri aurretik, oliba olio birjina, eta txiki-txiki egindako tipula (gorria bada, hobe), porruak eta piper gorriak erantsiko dizkiegu babarrunei. Irakiten hasi eta minutu batzuetara txerri saiheskia, urdaia eta txorizoa gehituko ditugu. Dena sutan poliki-poliki egiten utziko dugu, inguruko putxerak lagun ditugula. Noizean behin, eten egingo dugu egosketa (hiru edo lau aldiz). Horretarako, ur hotza botako dugu, eta horrela “izutu” egingo ditugu babarrunak. Amaitzeko hamabi edo hamabost minutu falta direnean, zuritutako patata zati gutxi batzuk botako ditugu, eta amaitzen den bitartean ardo botila batzuk, onak, irekiko ditugu.

putxera bat

Noizean behin, txalapartariren baten doinua iristen zaigu. Txalaparta bailara batetik bestera komunikatzeko erabiltzen zen tresna dugu. Normalean, bi lagunen artean jotzen dituzte txalaparta osatzen duten bi ohol lodiak, bakoitzak bi makila dituela. Eltzekaria prest dugu. Lehiakideek topa egiten dute San Severinoren alde, eta epaimahaikideei atsegin emateko zain geratzen dira. Festa, hala ere, ez da amaitu. Talde bakoitzak, bazkari gozoa merezi duela, bere putxera hartu eta San Severino omentzen jarraitzen du bere familiarekin edo lagunekin. Gaua ez da ez motza izango!

Balmaseda jaietan

  • Garraioak
  • Telefonoa interesgarriak
  • Armarria, bandera eta datu orokorrak
  • Enkartur

Nola heldu?

Non lo egin?

Non jan?

Non aparkatu?