Kultura

 

Biztanle gutxi batzuk baino ez dituen hiribildua bada ere, izen handi eta tradizio handikoa izanik, bete-betean aritzen da Kalbarioaren dramaren antzezpenean.

Historia

Autore batzuek jatorria 1480an jartzen dute. Izan ere, urte horretan izurriteak hiribilduan triskantza itzela eragin ostean, 13 penitentek, guztiz estalita, Kolitza mendira jo ei zuten, ortozik eta herritar eta agintari askok lagunduta. Dena dela, XVIII. mendera arte (1771), ez dago dokumentuz ziurtatzerik, urte horretako udal agiri batzuetan jasotzen baita lehenengoz "Aste Santu eta Korpuseko Prezesioak".

Lehengo prozesioak ohiko erakoak ziren. Hau da, pausu ezberdinak antzezteaz arduratzen ziren kofradiakideek eta eliz gizonek osatua. XIX. mendean osagai berri hauek sartzen hasi ziren:

Aste Santua zaharra

  • 1851n, Ostiral Santuko prozesioan, "penitenteak" eta "nazarenoak" agertzen dira.
  • 1859an, gaur egun arte osagairik nabarmenenak diren "fariseoak" edo erromatar guardiako soldaduak.

XIX. mendeko azken hamarkadan lehenengoz aipatu zen berez Aste Santuko pertsonaiarik nagusiena den "Nazarenoa" edo "Jesukristo". Ordutik aurrera hitz egin dezakegu, beraz, Jesukristoren pasioaren antzezpen biziari buruz.

Urteak pasatu ahala, eszenak hobetu eta osatu ziren elementu eta pertsonaia berriak gehituz, hau da:

  • 1911n, hiru Mariak eta Magdalena.
  • 1935ean, "Atxilotzearen" eszenaren ostean, "Pretorioa" antzezten da: Poncio Pilatosek Jesukristori egindako epaiketa, alegia.
  • 1955ean, lapurrak.
  • 1957an, Ama Birjina.

Baina 1963ra arte ez zen eszenifikazio bakoitzean unerik gorenentzat hartzen den "Gurutziltzaketa" antzeztu. Hasiera batean hirigunean bertan antzeztu bazen ere, bi urteren buruan "Kalbario Mendia" ematen duen egurrezko egitura eraiki zen, maila ezberdinetako piramide moztu itxuraduna eta zuhaitz adar eta lurrez estalia. Tontorrean Kristo eta lapur biak jartzen dira nor bere gurutzearekin, gainontzeko pertsonaiak hierarkiaren arabera banatuak, beherantz, estrukturaren oinetaraino. Bertan bigarren mailako pertsonaiak eta "Israeleko herria" bera jartzen dira, izugarrizko planteamendu eszenikoa erakutsiz.

Aste Santua

Azken urte hauetan arlo batzuetan hobekuntzak egon dira, bai teknikoak, bai eszenikoak. Horrela bada, Ostegun Santuko gauean antzezten diren "Azken Afaria", "Baratzeko Otoitza" eta "Jesusen Atxiloketa" aipa daitezke.

Aurkezpena

Guztiok ezagutzen dugu Balmasedako Via Crucis biziduna, protagonistatzat herritarrak beraiek dituena. Gaur egun 500 lagunek baino gehiagok hartzen dute parte. Batzuek tradizioa ardatz dutela, beste batzuek arrazoi erlijiosoengatik, aginduren bat dela eta, baina denak balmasedarrak izateak ematen duen harrotasuna barneratuta. Txiki-txikitatik balmasedarrek ohitura honen iturritik edaten dute, Magdalena eta San Domingo auzoetako umeen Via Crucis bizidunetan parte hartuz. Baina hori hurrengo asteburuan izaten da eta tradizio izugarri honentzat harrobi lana ekartzen du honek zalantza barik.

Ezinezkoa litzateke Balmaseda Hiribilduan Aste Santua deritzogun denbora tarte horretan gertatzen dena definitzeko modu hoberik bilatzea, hitz hauetatik ondorioztatu daitekeena baino. Berez ederrak izanik, biak elkartuta indarra darie: euren tradizioa zaintzeko Pasioa daukatela, balmasedarrak buru belarri ekiten diote Nazareteko Jesusen bizitzaren azken uneen antzezpen dramatikoa erakusteari. Ostegun Santuan hasten da guztia, "Azken Afaria", "Baratzeko otoitza" eta "Jesusen atxiloketa" antzeztuz.

Ostiral Santuan, goizeko 9etan guardia erromatarraren danborren soinua hasten da eta dena prest dago "Pilatosen Epaiketa" gauzatzeko, Judasen urkatzea eta Pasioaren bestelako gertakizunek urrats bizidunen antza hartzen dute, gurutziltzakatzeraino.

Prozesioak

Pasio biziduna ez da Balmasedan herri sentimendua erakusten duen ospakizun bakarra. Ostegun eta Ostiral Santuetan, bestelako prozesio batzuek ere hiribilduko pietatea osatzen dute.

"Urratsen Prozesioa". Ostegun Santuko arratsaldean, desfilea zaintzen duten fariseo eta penitenteen ohiko urratsetik urrun biltzen dira.

"Lurperatzearen Prozesioa". Ostiral Santuko arratsaldean desfilatzen du aurreko eguneko pertsonaia eta urratsekin batera, Magdalena, Ama Birjina, Veronica, Apostolu eta goizeko antzezpeneko bestelako pertsonaiekin.

"Isiltasunaren Prozesioa". Ostiral Santuko gauean, tradizio handiko prozesio horrek jende ugari biltzen du, fariseoek lagunduta; "Hilerriko Kristo" eta "Samindura" figurei Hilerrian duten lekuraino laguntzen diete eta hori guztia izugarrizko isiltasunean

Informazio gehiago nahi baduzu:

Balmasedako Via Crucis elkartearen web gunea.Balmasedako Via-Crucis Biziduna elkartearen web gunean Balmasedan Aste Santuan zehar egiten diren kultura ekintza guztiei buruzko informazioa dago eskuragarri. http://www.viacrucisbalmaseda.com.